Uztailak 17. Mendebalderantz zoaz autobidean, abiadura muga doi bat gaindituaz, goizean Xixóneko malekoian egindako ibilaldia gogoan. Ederra iruditu zaizu hiria, eguraldia gris izan arren.
Bezperan iritsi zinen akidurak hautatu geltokira. Egiari zor, pare bat orenez Djokovic eta Carlitos-en arteko lehia segitu zenuen RNEren uhinetan, eta azken puntuak zure begiz ikusi nahi izan zenituen. Tenisak zure baitan sortu zuen bat-bateko interesak harritu zintuen. Karrikan entzun poz oihuek eman zizuten partidaren emaitza. Aparkatu bezain laster jo zenuen itsas bazterraren bila. Kantauriren hats freskoak harrera beroa eskaini zizun. Donostiaren gisara hondartza bikoitza. Eta haizeak zeruaren koloreak lausotu zituen. Gaua heldu gabe ganbara bat aurkitu behar. Sidrería batean afaldu, baina sagardoa probatu ez. Telebistak hipnotizaturik bezala, haragia eta patatak irentsi zenituen, akordeoiak lagundurik fandango bati so.
Euskal Herritik jalgitzen zarenean, lehen oren eta egunetan paraleloak egin ohi dituzula otu zaizu. Atzerrian agertzen zaizkizun ezberdintasunak eta antzekotasunak zerrendatuz. Ulertu duzunaz, aste beltza amaitzear da. Zer ote? Literatura beltzaren festibala. Asturiarrek ere hizkuntza badutela deskubritu ez, baina hortaz birjabetzen zara, zure baitako itsasoan beirazko botila batean zokoratutako jakintza azaleratzen ikusiko bazenu bezala. Afaltzean ez duzu, ordea, llingua hauteman, ez eta biharamun goizean ere askaltzerakoan... barra gainean egunkaria aurkitu ez izanaren ondorioz, marmarka aritu den gizon xaharraren hitzak ez badituzu arras konprenitu ere.
ELE
Galiziako bidean: Xixón (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu