Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galizian 146.000 etxetan, hotzak

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Galizia elektrizitate ekoizle handia da. Espainiako Elektrizitate Sareak 2021eko lehen seihilekoaren inguruan emandako azken datuen arabera, Galiziak esportatu egin zuen ekoitzitako elektrizitatearen %352020ko epe berean, %31,8 esportatu zuen. Aurreko ekitaldietako datuen antzekoak izan dira oraingoak: elektrizitateari dagokionez, urtean 27.000-33.000 gigawatt-ordu sortu dira, eta 20.000 kontsumitu.

Horrenbestez, hainbat iturriren bitartez sortutako argindarraren herena ez da Galizian erabiltzen, eta beste lurralde batzuetan kontsumitzen dute azken produktua, ingurumen kostuak eta kostu sozialak beren gain hartu gabe. 2019. urte osoan, ekoitzitako argindarraren %25 esportatu zen, eta 2018an, %35.

Espainiako Estatuan indarrean dagoen elektrizitate ereduak ez ditu lehenesten ekoizle diren lurraldeak, sistema marjinalista deritzonaren bitartez ezartzen baitu azken kostua; eredu hori, lehenago ere gogorarazi izan dugunez, Europako Batasunean ere erabiltzen da, eta Txilen du jatorria, Pinocheten diktadura militaristan. Kaliforniatik eta Erresuma Batutik Europako Batasunera esportatu zen. Sistema hori, programa neoliberalaren fruitu mamitua, enpresen irabaziak ahalik eta gehien handitzeko sortu zen, eta ez argindar sistemaren eraginkortasunaren, produktibitatearen eta kontsumitzaileen interesen mesedetan. Hain zuzen, elektrizitatea azken hilabeteetan horrenbeste garestitu izana ezin da azaldu eredu marjinalista kontuan izan gabe; are, Pedro Sanchezen gobernua ere saiatu zen hura bertan behera uzten, baina Europako Batzordeak ez zuen babestu.

Zenbat eta garestiagoa argindarra, orduan eta handiagoa pobrezia energetikoa. Horren inguruan, Espainiako Estatuko Gobernuak berriki argitaratutako Pobrezia Energetikorako Estrategiak dio Galiziako 146.000 etxetan ez zutela izan «baliabide nahikorik energia horniketari dagozkion oinarrizko beharrak asetzeko, behar bezalako bizi mailarik ez zutelako eta, kasu larriagoetan, etxean ez zutelako behar beste energia jasotzen». Zoritxarrez, Galiziako etxeen %13tan hotzak egon ziren 2020an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.