Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Genozidioa saihestuz gero, gaitz erdi

2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Jorge Riechmann madrildarra gauza asko da: poeta eta ekintzaile ekosozialista, gogoetatzearen zalea eta sentikortasun nabarmeneko pertsona... Baina gosaltzeko katilu optimistetan estanpatzeko moduko mezuen egilea ez da —ez beti, behintzat—. Asteartean argitaratutako elkarrizketa batean esandako hitzak: «Epe laburrera, ekologiaren eta gizartearen kolapso-aukerei aurre egin beharra daukagu. Ikuspegi minimalistatik, pozik nengoke datozen hamarkadetan egoera klimatiko eta ekologikoa nolabait egonkortuko balitz eta mila milioika gizakiren genozidioa ekiditea lortuko bagenu, horixe baita, oraingoz, geure etorkizuna. Ez da ezinezko lorpena, baina itzelezkoak egin beharko ditugu bide horretan aurrera egiteko».

Prentsan inork topatu nahiko ez lukeen adierazpena iruditzen zait —ez kontratatu badaezpada Riechmann jaietako pregoia idazteko—. Grazia egin dit kontuak: aste osoan irakurriko dudan gauzarik beltzena da ziur aski, eta hala ere beti lasaitua ematen dit gaiari buruz ahoan bilorik gabe esandako hausnarketak aurkitzeak. Nire jarrera hori katastrofismoa atsegin izatea dela pentsa liteke, baina uste dut katastrofismoa ez dela datuak, arazoak, erronkak eta arriskuak ahoz gora aipatzea. Aldiz, Yayo Herrerok dioen bezala, katastrofismoa beste norabait begiratzea da, urduritasunez bakarrik erreakzionatzea, deus ezin dela egin eta, ondorioz, hobe dela gizakiak desagertzea pentsatzea. Finean, etorkizun ekosozialak ekintza politikoetan izan behar duen funtsezko rola ukatzea, dena alferrikakoa edota politikoki ezinezkoa delakoan.

Horregatik Riechmannen hitzak nahiago ditut, eta ez ezinegonez betetzen nauten beste diskurtso batzuk, egungo eredua ezertan ez edo aho txikiarekin bakarrik aldatzea proposatzen dutenak. Are gutxiago krisiaren aurrean pertsona batzuk sobera daudela dioten diskurtsoak, oraingoz eskuin muturraren ahoan bakarrik entzuten direnak. Bizitza duina zer den birdefinituko duten kontsentsu berriak eraikitzeke daude eta desarrollismotik eta teknologiaren sakralizaziotik urrun eta humanismotik gertu adostu nahi baditugu, gaia kontuan izan beharko dugu bai gertuko hauteskunde eta gatazka politiko guztietan, bai hedabideetatik datozkigun mundu mailako bilakaerez hausnartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.