martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Gernika', Gernikara

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Naziek eta frankistek Gernika bonbardatu zutela 86 urte bete ziren asteazkenean, eta aurreneko aldiz Espainiako ministro batek hartu zuen parte ekitaldian. Kosta zaie.

Eztabaida sortu da ministro horrek, Lehendakaritzako ministro Felix BolaƱosek, barkamena eskatu behar ote zuen estatuaren izenean. Barkamena eskatzearen aldekoek argudiatzen dute estatuaren jarraipena direla oraingo agintariak, eta eskatu egin behar dutela. Ez barkamena eta ez desenkusa ez dutela eskatu behar uste dutenek diote frankismoa ilegitimoa izan zela eta denei egin ziela eraso, ez gernikarrei bakarrik.

Komeni da gogoratzea 1997an Alemaniako presidente Roman Herzogek, sarraskiaren 60. urteurrenean, berradiskidetzeko keinua egin zuela Gernikarekin, udalari 1,5 milioi euroko dohaintza eginda. Alemanei ere kosta zitzaien keinua egitea, Espainiako Gobernuko kideei ahoa zabaltzea baino gutxiago halere.

Espainiako Gobernuak, hitzak gorabehera,Gernikarekin har lezakeen erabakirik sendoena da Pablo Picassoren Gernika koadro gogoangarria Gernika hirira ekartzea, eta Gernikara ezin bada, Bilboko Arte Ederren Museora. Eskaera hori ia erabat indargabetuta dagoela aitortuta ere, oihartzun handia eduki zuen bere garaian 'Gernika' Gernikara kanpainak. Espainiako ministroarekin sortu den eztabaida baliatu beharko genuke Picassoren lana Gernikarako bidean jartzeko.

Herri erakundeek behin baino gehiagotan eskatu zuten artelana Gernikara ekartzea, eta Espainiako Gobernuaren erantzuna teknikoa izan zen beti. Alegia, koadroa ez dagoela batetik bestera ibiltzeko moduan, eta ezin dela orain dagoen Reina Sofia museotik atera. Aitzakia hutsa da. Eraman zuten New Yorkeko MOMAtik Espainiara, kontserbazio teknikak horren aurreratuta ez zeudenean.

Ez gaitezen asko entretenitu barkameneskaerekin, eta jar dezagun indarra Gernika Euskal Herrira ekarrarazteko lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.