Plazatik

Giza eskubideak

andoni egana
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Hamabost urte geneuzkala iseka egiten genion. Berdea izandako koaderno horaildu baten laguntzaz ematen zizkigun eskolak. Koadernoak, erabiliaren erabiliz, guk orduan geneukan baino bizar gehiago zuen. Fraidea zen bera eta ez dut izena gogoan. Ematen zigun ikasgaiarena ere ez. Seinale nire adimena beste zerbaitera josia zegoela.

Beti erretolika berarekin aritzen zela iruditzen zitzaigun. Ez zuen kapitalismoa aipatzen; sozialismoa ere ez; are gutxiago komunismoa. Ez zituen materialismo historikoa, dialektikoa, kapitala, plusbalia eta horrelakorik hartzen mintzagai. Ez zitzaigun mintzo Sabino Aranaz, Karl Marx, Rosa Luxemburg, Txabi Etxebarrieta edo Bakunini buruz. Euskadi, Askatasuna, Euskadi eta Askatasuna, Amnistia eta hizki larriz idatzi beharreko kontuez ere mutu zen. Epela zen guretzat. Etsaiekiko konplizitatea baino adieraz ez zezakeen epeltasun mingarri batekoa. Ernegatu egiten ginen ikasturte osoan zehar matraka berarekin zetorkigulako. Giza-eskubideen txoro-kontu haiekin tximetaraino geunden!

Marta Harneckerren liburua irakurri eta bukaerako testak xuxen betetzera ohituak geundenontzat, giza-eskubideen hori ez zen amesten genuen gizarte moduaren gutxien-gutxienekora doi-doi iristen zen zerbait besterik. Aurreiritziak izango genituen segur aski, nahiz hamabost urterekin, iritziak nola-halakoak eta aurrea labur samarra izaten duen pertsonak. Nazio Batuen eskutik zetorren ekimen bat gutxienez susmagarri irudituko zitzaigun. 1945.ean hasi ziren lehen idazketarekin, Bigarren Mundu Gerran emandako izugarrikeriak berriz sekula errepika ez zitezen asmoz.

Ia hirurogeita hamar urte badira ordutik eta hogeita hamabost joan dira eskolako ikasturte hartatik. Zerbait ikasi badut, ikasi dut larritasuna egoeretan datzala eta ez hizki larrietan. Fraideari iseka egin izanaz lotsa naiz. Gaur burutzen da Giza-eskubiden eguna nazioartean. Aitzakia horrekin, lehen aldiz irakurri ditut hogeita hamar artikuluak. Banuen susmoa eta irakurketak berretsi baino ez dit egin: artikulu horietan datorrena xehe-mehe beteko balitz, gaztetan amesten genuen gizartearen parekoa lortuko genuke.

Izugarria da ordea artikuluetako helburuen eta burutu dugunaren arteko erretena. Hainbeste asmo on eta ekintza gaizto uztartzea ez da samurra propio ahalegindu arren. Mundu zabaleko toki asko eta askotan ez dira oinarrizko joko-arau horiek betetzen. Eta ez dago urrutietara joan beharrik hori frogatzeko. Heriotza zigorra indarrean da hainbat lekutan. Bigarren Mundu Gerran baino modu sofistikatuagoan torturatzen da, egun eta hemen. Goseak umeak hiltzen ditu eta bizirik dauden askok esklabo lana egiten dute txiki txikitatik. Lanik ez daukanak ez dauka, noski, lana ziurtaturik eta daukanak baldintza duinak eta atsedena ere ez. Etxebizitza luxua da eskubide izan ordez eta osasuna bide berean doa. Kontzientzia objekzioari barre egiten diote Gobernuek eta emakumeen eskubideei gizonezko gobernaezinek. Zahar-sari eta gainerako gizarte-zerbitzuak kinka larrian daude aurreratuenak omen diren herrialdeetan ere. Ezin du bakoitzak aukeratu ze nazionalitate izan nahi lukeen… Eskubideen zerrenda adinakoa da eskubide urraketena.

Lerro hauek idazten ari naizela entzun dut irratian gaurko eguna dela-eta Eusko Jaurlaritzak egindako iragarki bat. Gauden egoeran egonda, erronka handitxoa jotzen ari direla otu zait. Hain ziur al daude ba, eurak giza-eskubideen arloan dena ongi betetzen dutela, besteoi egun honen handia gogorarazteko? Deklarazioa da giza-eskubideena. Asmoak marrazten ditu eta ezaugarri jakin batzuk dituen joko-zelaia proposatzen. Hortik aurrera agintariak dira araberako legeak ipini eta betearazi behar dituztenak. Tokitan gaude! Koldo Izagirreren (h)agintari hura etorri zait burura eta irudikatu dut mundu-bolari haginka, apurka txikitzen. Eta gure gaztaroko fraidea errietan ari zaio nonbaitetik, oraindik aldatu ez duen koaderno berde horaildua eskuetan duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.