Gizarterako tresnaren ertzak

BERRIA.
Joxi Imaz
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hezkuntza fenomeno soziala da. Logikoa eta nabaria dena, baina askotan ahaztu egiten zaiguna. Adibidez, Euskal Herriko eremu aurrekoietan ez ote dira gehiegi erabiltzen «hezkuntza naturala» eta «hezkuntza askea» terminoak? Emile Durkheimek, hezkuntzaren historia sakon aztertu ondoren, ateratzen duen ondorio nagusia da hezkuntza ez dela pertsonaren barrutik zerbait «ateratzea», baizik eta, garai horretako gizartearen beharren arabera, pertsona mota jakin bat «sortzea» edo «fabrikatzea», pentsatzeko, sentitzeko eta izateko modu jakin batzuk «sartuaz» gizakiarengan. Horregatik zeuden hainbeste fraile eta moja kristautasuna indartsuago zen jendarteetan, eta horregatik daude hainbeste ingeniari gure garaian. Bizirauteko, gizarte bakoitzak eskaintzen dizkigun aukeretako batzuk horiek direlako batez ere, nahiz eta guk berezko bokazio bezala bizi ditugun batzuetan. Eta, bestetik, Durkheimek gogorarazten digu, baita ere, hezkuntza harremanak gehiago direla dominazio harremanak komunikazio harremanak baino. Askatasunean hezi nahi dugunean ere, gure helburua (askatasuna) erakusten saiatzen ari gara, logikoa den bezala gainera, hezkuntzak beti izango baitu direkzionalitate bat, baita ez-konszienteki egiten dugunean ere. Hezkuntza demokratikoago eta askeago baterantz joan beharko genuke, baina era berean ez genuke lotsatu behar hezitzaile izateaz, edo gure autoritateaz (bai autoritarismoaz, autoritate horren gehiegizko abusuaz).

Oinarri horiek abiapuntutzat onartzen baditugu, hurrengo pausoak eman genitzake. Adibidez, galdetu genezake: zeintzuk dira hezkuntzaren erronkak informazioaren gizarte global honetan? Erronketako bat izan daiteke informazio hori ezagutza bihurtzea; komunitatearen eta pertsonen bizitza hobetzen lagunduko badu, jakin beharko genuke informazio hori bilatzen, aukeratzen, interpretatzen eta erabiltzen. Informazioa aprobetxatzeko, ezagutza eta hezkuntza beharrezkoak dira. Bestela, entrenimentu eta ikuskizun hutsean gera gaitezke, uholde digitalean itota edo infoxikatuta. Horrekin lotuta, beste erronka bat izan daiteke hezkuntzaren zentzu etiko, moral eta politikoa lantzea, lan merkaturako prestakuntza tekniko hutsean geratu gabe. Horrek eskatuko luke hezkuntzan gure garaiko arazo sozial nagusiak lantzea: ezberdintasun sozioekonomikoak (errenta altuko kontsumoaren jendartearen eta gainerako herrien artean, baina baita errenta altuko herrien barnean ere), ekologia, genero ezberdintasunak, mundu honek sortutako identitate arazoak (alienazioa, anomia eta abar), eta mota ezberdinetako zapalkuntza bidegabeak (ekonomikoak, arrazan oinarritutakoak, linguistikoak, kulturalak, nazionalak...). Galdetu genezake baita ere hezkuntza kapitalismoaren eta estatuaren aparatu ideologikoa den (Althusser), ezberdintasun sozialak erreproduzitzeko tresna (Bourdieu), edo hezkuntzak, beste borroka batzuekin batera (politiko, ekonomiko, kultural...), mundua eraldatu ote dezakeen. Nire ustez, kontzientziazioaren bidez (Freire), eta hezitzaile profesionalak intelektual eraldaitzaileak izanez (Giroux), hezkuntzak mundua hobetu dezake (Apple).

Hurrengo baterako utziko ditugu beste hainbat gai. Adibidez, esplikatzea nola hezkuntza ezin den neutrala izan, eta nola neutral izaten saiatzen garenean ere, ondorioak ez diren neutralak («gatazka batean neutral izaten saiatzen denak botereari egiten dio mesede»). Apunte hauek interesgarriak iruditu bazaizkizue, liburua ueu.eus helbidean topa daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.