Susmoa dut, egun eta hemen, kalitatezko telebista publiko independentearen auzia, irizpide programatikoetan baino, gehiago jokatzen dela gobernantzako arloetan, kudeaketak eta jokabideak antolatu, arautu eta kontrolatuko dituzten irizpide eta instituzioetan. Alegia, uneko gobernuarekiko independentzia dela inoiz baino gehiago telebistaren kalitatearen beraren ezinbesteko faktore. Ez dugula kalitatezko telebista publikorik izango, ez bada lehenago independente. Autonomiak bakarrik ekar dezakeela kalitatea.
Urteak daramatzagu, 2002tikhona gutxienez, EITBren zerbitzu publikoko ezaugarriak eta betebeharrak zehazten, baita kuantifikatzen ere, programa kontratuen bidez. 2016-2019ko aldirako berriki onartutakoan, adibidez, halako ezaugarri eta betebeharren zehaztapen luze eta zabala egiten da, nekez diskutitu daitekeena zerbitzu publikoaren ikuspuntutik. Aitzitik, esango nuke, oro har, kanal ezberdinen definizioaz —ETB-1 euskarazko orotariko kanal gisa, ETB-2 gaztelerazkoa, oraindik ere kanalen arteko banaketa diglosikoa kontsakratuz— eta Espainiako Konstituzioari aitortzen zaion erreferentzialtasunaz aparte, nahiko ondo jasotzen duela zer izan beharko litzatekeen egun euskal ikus-entzunezko zerbitzu publiko bat edukien eta programazioaren aldetik. Baina, gero, tamainako ahaleginak ez du ordain egokirik pantailetan.
Elkarrekin lotuta dauden bi arrazoi aipatuko ditut funtsezkoak iruditzen zaizkidanak. Batetik, kudeaketa eta kontrol sistemen porrota: gestio-egiturak zurrunegiak dira, eta alderdi politikoen kontrol politikoa ezarri beharrari erantzuten diote batik bat. Zuzendaria eta administrazio kontseilua dira organo nagusiak, eta haien aukeraketan eta funtzioen banaketan alderdien interes politikoak dira nagusi. Ezartzen duten kontrola ere, Parlamentuko Kontrol Batzordeak ezartzen duenaren parekoa da, ez doana alderdi ezberdinen artean egiten den emisio denboren banaketa gainbegiratzetik edo egunean eguneko konfrontazio politikoko interesetatik harago. Ez dago egitura independenterik, Europako lurralde gehienetan bezala, telebistaren jardunaren gaineko bestelako kontrol kualitatiboagoak, irekiagoak, sozialagoak eta anitzagoak eskainiko dituena. Programa-kontratuaren Jarraipen Batzordea bera Parlamentuaren eta EITBren arteko egitura instrumentala da. Ondorioaz, distantzia handiegia dago programa kontratuaren edukien eta kudeaketaren artean, alderdi kualitatiboan batez ere.
Bigarrenik, ez dira ia 35 urte alferrik igaro ETB sortu zenetik. Urte haiek guztiak esperientzia eta jakintza iturri izan dira arlo askotan, baina besteetan lasta ugari utzi dute eguneroko jardunean. Ez da bakarrik gehiegi hazi dela egitura, balitekeena ere, arlo batzuetan behintzat. Gehiago iruditzen zait ez zaiola behar besteko errendimendua atera bazituen baliabideei; hain zuzen ere, kudeaketaren interesak beste nonbait zeudelako jarrita: inguruko enpresen bidezko klientelismoa hobetsi izan da zenbaitetan barne gestio eraginkor bat baino, eta hori, orobat ere, ikus-entzunezko sektorearen kalterako izan da. Profesionalizazioa, berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna baino laguntasuna lehenetsi da kasu gehiegitan.
Kalitatezko telebista publiko batek kudeaketa moduen gaineko hausnarketa sakon bat egitea eskatzen du beraz, batez ere bi alderditatik: irekitasuna gizarteari, jendearen eta gizarte eragileen iritziak jasotzea eta haien parte hartzea ziurtatuko duten egiturak sortuz (ikuslearen arartekoa, aholkularitza batzordeak, prozesu parte-hartzaileak, ebaluaketa independente eta kualitatiboak...) eta berrikuntza eta esperimentazioa sorkuntzan eta produkzioan, bai barne egituretan zein kanpoko enpresa eta eragilekiko harremanetan ere.
Gobernantza da klabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu