Marina Ruiz dantzari gasteiztarrak, Argian: «Gorputza, mugimendua eta espazioa dira nire baliabideak». Hiru hitz soil, baina arte bat ulertzen saiatzeko gonbidapen gisa har litezkeenak. Kolpean, nahiko arrotza zaidan diziplina artistiko bateko sekuentzia batzuk irudikatzen hasi nintzen hiru elementuak alternatuz eta konbinatuz, gorputz jakin bati estilizatuen ateratzen zaizkion mugimenduak imajinatuz hainbat espaziotan, itxiak batzuk, libreak besteak, argiak zein ilunak, euritan eta haizearekin…
Horiek eta horrelakoak pentsatu eta gero, elkarrizketa irakurtzen hasi nintzen: «Hitz egin behar badut, urduritzen naiz […] hitza ez da nire adierazpena», dio dantzariak sarreran.
Gonbidapena hitzez egina baldin bada ere, seinalatzen dutena baino haratago eramaten gaituzte hitzok. Baina esateak abentura estetikoaren atea zabaltzen badu ere, izendatze hutsa ez da aski: guri dagokigu zabaldu berri zaigun atetik aurrera abenturatzea edo ez.

Hitz beste
Gonbidapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu