Greziako zorraz bi hitz

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Greziak bi korapilo nagusi ditu: zorra eta politika fiskala (defizit publikoa BPGren % 3ko muga estuarekin). Printzipioz zorrak ordaindu behar dira. Zorrak ez ordaintzea hartzekodunentzat zerga bat da. Gauza bertsua esan daiteke zorraren berregituratzeaz. Zorraren parte bat ez bada ordaintzen, edozein arrazoi dela medio, zerga baten aurrean gaude. Onartuko al dute hartzekodunek zerga mota hori?

Oraingo enbidoak izan eta gero, segur aski luzetxo egongo dira mehatxuak, iruzurrak eta sasi-akordioak bilatuz. Azkenean, onartuko al dute Troikak eta Alemaniak Greziaren zorraren barkamena? Zenbat barkatuko dute? Zergatik? Zertxobait barkatzen bazaie greziarrei, zergatik ez gainontzeko estatuetako hiritarrei?

Bill Mitchell ekonomialariak honela idatzi zuen 2012an: «Baldin eta Greziari ahalbidetzen bazaio bere zorra gutxitzea, zergatik ez genuke esperoko Italiak, Espainiak, Irlandak, Portugalek eta gainontzeko herrialdeek gauza bera egitea?». 2015ean gauza bertsua idatzi du.

Warren Mosler ekonomialariak aspaldian idatzi zuen, 2012an, Europa Batasun osorako proposamen duin eta egoki bat (www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia). Kasurik ez!

Orain, barkamen barik, zorra bera norberaren moneta propioan berridaztea izango litzateke irtenbiderik dotoreena, aproposena eta egokiena. Horrek moneta subiranoa, hots, moneta propioa suposatzen du. Greziaren kasuan, drakma izeneko moneta Banku Zentralak martxan jartzea, Altxor Publikoaren laguntzarekin. Kasu horretan, zor guztia Altxor Publikoak bereganatu dezake eta zorra ahalbidetu, teklatuaren bidez BZ-k behar diren beste drakma jaulkiz.

Egoera berri horretan, Greziak benetan moneta subiranoa edukiz, edozein arazori aurre egin diezaioke: zorrari, defizit publikoari (handituz), langabeziari (lan bermeko programaren bidez: langabezian dagoen eta lan egin nahi duen edozeinentzat 8/10 drakma orduko alokairu publikoa eskainiz) eta inbertsio publikoari. Syrizakoek planteatzen duten bonuen erosi beharra ere desagertuko da, betiko.

Beste aldetik, gogoratu krisia eskari agregatuaren krisia dela. Hortaz, defizit publikoa handitu beharko da, inolako dudarik gabe: horrek, noski, politika fiskal berria eskatzen du, oraingo eurogunean dagoena erabat gaindituz.

Kontua da Syriza (eta Italiako edo eta Espainia una, grande y libre-ko) ezker politiko berria eskema hilgarri baten barruan mugitzen dela. Ezker mota horiek guztiak erabat galduta daude zorrarekin, bonuekin, politika fiskalarekin, eta haien aldarrikapen guztien gainetik ez dute ulertzen, ezta urrundik ere, monetak nola funtzionatzen duen, moneta subirano batek zer suposatzen duen.

Ezker mota horiek guztiek euroguneko paradisu barruan egoten segitu nahi dute. Guztiak zirkulu karratua topatu nahiz dabiltza (alegia, austeritaterik eza aldarrikatuz eta aldi berean eurogunean segitu guraz).

Mike Norman ekonomialariak idatzi duen moduan: «Greece can't abandon austerity and stay with the euro. Period.» Gauza bera esan daiteke Espainia una, grande y librez, Italiaz... edo eta Euskal Herriaz. Beraz, zertan ari gara Euskal Herrian?

Troikak eta Alemaniak beste aukerarik ematen ez badiote, Grezia berria lasai asko egon daiteke Europako Merkataritza Libreko Erkidegoan, Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitzarekin batera.

Sakontzeko, ikus aipaturiko UEUko blogean Greziako hauteskundeez idatzitako azken hiru sarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.