Grisa da hautsaren eta hautserrearen kolorea. Grisa da lanbroarena. Frankismoak gris mate tristea zuen kolore, grisak ziren Francoren poliziak. Grisak dira astoak, mandoak, arratoiak, satorrak, grisak hegazti eta arrain ugari. Grisak dira politikarien traje gehienak, grisak dira politikari gehienak. Grisak, halaber, gutariko gehienak ere. Bizitza grisa, giro grisa, pertsona grisak. Materia grisa deitzen diogu gure burmuinetako sustantziari. Grisak dira egunkari gehienen orriak, grisak liburu asko. Grisa da asfaltoa, grisa da errepideetan dabiltzan auto ugarienen kolorea. Kantsazioaren hauts grisaz mintzatu zitzaigun Joxe Azurmendi, Josep Plak Koaderno grisa deitu zion bere eguneroko bizimoduaz idatzi zuen egunkariari, grisaren graduak konta ezinak direla esan zigun Koldo Mitxelenak. Frantsesek se griser deitzen diote txispatzeari.
Hitzok idazten ari naizeneko goizak grisa du kolore.

HITZ BESTE
Grisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu