martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Guardiako erretena

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hau duzu, Vicent, uda aurreko azken zutabea, urtero legez uztailean eta abuztuan elkarri idazteari utziko diogulako. Irakurleren batek pentsatuko du —intentzio txar piska bat beharko du horretarako— bi hilabeteko oporrak dauzkagula zuzendari izateagatik. Ez da horrela, bistan da. Gure paperekoak udako formatua hartzen du bi hilabeteotan —argaldu egiten da, alegia—, eta, horren ondorioz, orrialde batzuk oporretara joaten dira. Orrialdeak, ez egileak.

Bi hilabete ez dira ezer ezertan, esango genuke Kataluniako hozbero politikoaren neurgailua horren gori ez balego. Baina urriaren 1eko zerumugarekin, edozer gerta liteke bi hilabete horietan. Badakigu nola dagoen Katalunia uztaila hasi aurretik, baina nola egongo da abuztuaren bukaeran? Oso irekita dago jokalekua, ezer ez da seguru, salbu katalan askoren gogo eta erabakimena estatu independentea osatzeko, eta Espainiako egitura askoren asmoa hori eragozteko.

Badirudi abuztuaren erdialdean itzuliko dela Kataluniako Parlamentua lanera, eta egun horretatik aurrera onartuko dituela erreferenduma legalki babesteko beharko diren legeak. Baina Espainiako Gobernuarena ez dakigu, ordura arte itxarongo duen edo lehenago ekingo dion zuen asmoak zapuzteari. Badirudi, parlamentuetako logika aplikatuta, formalki onartu gabeko ezeren aurka ezin izango dutela egin, ez Rajoyk eta ez bidaide dauzkan magistratu prestu txit kolaboratzaileak. Argitu behar den beste galderetako bat da bakarrik erreferendum adostua nahi dutenen gainekoa, gero eta tarte txikiago baitaukate zer egingo duten jakinarazteko. Aurka ez dira agertuko, erabat alde ere ez. Orduan? Egiteko eskubidea babestu, baina praktikatu gabe. Nik, zer gerta ere, udako suteekin bezala, guardiako erretena jarriko nuke, gutxien espero duzuenean jazo liteke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.