Leire Vargas

Aniztasuna, berritasuna eta gure oximoron propioak

2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun
(ID_17097422099885) DOM CAMPISTRON
DOM CAMPISTRON

Izeko gaixo dago. Etxezuloan sartuta ematen du eguna, ohetik jaikitzeko ia indarrik ez eta telebistan dagoen dena delakoa irentsi beste aukera asko barik. Espainiar telesailez aspertu ei da honezkero: lau aktore berberak ageri dira saio guztietan.

Iruzkinak ziztadatxoa eragin dizu sabelean. Zu ez zara aktorea, ez zara bereziki adi egoten telebistako azken saioei, baina ezaguna egiten zaizu egunero pantailara begiratu eta lau aurpegi berberak ikusten ari zarelako sentsazioa. Hain zuzen, beste kultur proiektu batean parte hartzeko proposamena ailegatu zaizu gaur, artean erabaki barik duzunean oraindik joan den astean bota zizuten antzeko amuari hozka egingo diozun ala ez. Mahai-inguruak, tailerrak, bertso-saioak, artikuluak. Irribarre batekin hartzen dituzu denak; nola ez? Edo, tira, hasieran behintzat hala zen. Irribarrea eragiten dizute paperean, pantailan, mezua jasotzen duzunean. Ordea, askotan ia izerditan uzten zaitu betetzen-betetzen doan eginbehar-gelaxkan kabiarazten saiatzeak. Nahi baino azkarrago bilakatzen da poza estres. Sorkuntzak lanaren nahi baino antz handiagoa hartzen du egunotan.

Proposamen honekin ere egingo duzun lehenengo gauza eskerrak ematea da: eskerrak nigan pentsatzearren, eskerrak erabakitzearren badudala zerbait esateko, eskerrak nigan ikusi duzuenari baleko iriztearren. Mezua bidali eta zeurekiko pentsatuko duzu oraingoan: eskerrak. Ez dute maskarak gordetzen duena deskubritu oraindik. Ez dute maskara dela deskubritu. Ezkutuan daramazu oraindik mediokritatea. Edo, egunaren arabera, falta, hutsunea, hutsegitea.

Eta eskertuta egon behar duzu, nola ez. Eskertuta egon behar duzu, eta baietz esan. Nola esango duzu ezetz, ba? Edonork ez du sorkuntzaren plazan toki bat izateko aukera. Nola esango duzu ezetz? Zure unea hau da. Batek daki helduko ote zaizun beste bat.

Baietz esango duzu, eta hitza ahoskatu duzun unean etorriko zaizu beldurra, beharbada oraingoa izango baita maskara eroriko zaizun aldia, hutsegitea. Zergatik deitu dizute zuri, izan ere? Gaztea bada nahi dutena, ez al dago beste gazterik? Ez al dago beste idazlerik? Ez beste bollerarik? Izen horiek guztiak hartzeak ematen dizu galderei erantzuteko, aholkuak banatzeko, iritzia emateko zilegitasuna? Zu bezain ondo edo hobeto egin dezaketen hamaika otutzen zaizkizu.

Gainera, ikusi dituzu zenbakiak. Zu ere bazaude sareetan, eta ikusten duzu beste gazte horren elkarrizketa gehiagotan partekatu dela. Beste bollera horren liburuko poemak zure timeline-an agertzen dira tarteka oraindik. Haiei ere iritsiko zitzaizkien hiru lan-proposamen azkenengo astean. Ez duzu suposiziorik egin behar, okerrena baita beste horiek ezagutzen dituzula, lagunak direla, eta, beraz, badakizula hala dela. Eta ezin duzu saihestu zeure burua haiekin parekatzea, eta pentsatzea haiek hobeak direla hau edo beste egiten, eta jendeak ikus dezakeela hori. Zeure burua haiekin parekatzen duzu, parekoak bazinete bezala epaituko zaituztetelakoan. Argazkiak pantaila lauetan ikustean gaitza da irakurtzea aurpegiei esleitzen dizkiegun etiketez besterik.

Egia da lagunak zaretela espazioak partekatu dituzuelako, eta horrek esan gura duela zuen ikuspegiek elkarpuntuak dituztela nahitaez, eta ondorioz litekeena dela gai antzekoei heltzea askotan, eta ondorioz arrisku handia dagoela agerian geratzeko besteek zuk baino hobeto defendatuko dituztela gaiok. Zirrikituak bilatu dituzu, gai desberdinak, bereizten zaituzten ertzak, baina saihetsezina da pentsatzea inor gutxiri interesatzen zaizkiola kontu horiek. Eta nora doa artikulu bat inork tweeteatzen ez duenean?

Txikia da euskal kultur sistema, txikia eta xumea, baina hain gutxi ote gara zinez ze galderoi, solasaldioi, artikuluoi desberdin erantzungo dien beste inor ez baitago? Ez, noski ezetz. Ezagutzen duzu bestelako sortzailerik. Ezagutzen dituzu Bilbo eta Donostia zapaltzea saihesten dutenak. Ezagutzen duzu hiru hilean behin bertso-saio bakarra entzutearekin nahiko duen lagunik, eta gehiegi duenik ere bai. Orduan, zergatik daude zure timeline-an beti izen berberak?

Ahotan darabiltzagu aurpegi berriak, freskotasuna, aniztasuna. Baina mota jakin batekoak ia denak. (Nabari da oximoronik?). Sabela nahasten dizu beste inoren pantailan bilatu barik behin eta berriz agertzen diren izen horietako bat izateak. Ezetz esan nahi duzu, eta ez dakizu nekea den, inpostorearen sindromea, frustrazioa edo asperdura. Ezetz esan nahi duzu eta esan diezaiotela ezagutu ere egiten ez duzun norbaiti, baina susmoa duzu nahi baino hurbilekoagoa litzatekeela zure ordezkaria. Zure izenaren ondoan joan ohi diren horietako bat, seguruenik. Galdetu behar diezu lagun horiei ea haiek ere izaten dituzten zalantza berberak.

Edonola ere, baietz esango duzu azkenean. Baietz, eta eskerrak. Agian gogoeta-jario hau bera ere oximorona da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.