Leire Vargas

Ez duzu honetarako balio

2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berriki sortutako militantzia-taldeko saio batean, gure jarduna gidatuko zuen marko ideologikoa zehazteko beharra identifikatu genuen. Eztabaida-saioak antolatzea erabaki genuen; landu beharrekoak iruditzen zitzaizkigun arlo bakoitzari tiraka, bana. «Zelan landuko ditugu gaiak, ordea?», galdetu zuen kide batek. «Ni ez naiz gai zuek gustuko dituzuen liburutzarrok irakurtzeko…».

Ez ninduen guztiz harritu adierazpenak. Neurri baten, ausarta ere iruditu zitzaidan halako zintzotasunez mintzatzea. Izan ere, esango nuke taldean, beste toki askotan bezala, aspalditik susma zitekeen arrakalatxoak banatzen gaituela, nolabait esatearren, liburutzarzaleok eta besteak. Berba abstraktu jakinak erabiltzeko joera daukagunok, eta eguneroko hiztegi zehatzarekin moldatzen direnak. Irakurketa-lantaldea osatzen dugunok, eta eskulan-lantalderako izena eman ohi dutenak.

DOM CAMPISTRON-2
DOM CAMPISTRON

Arrakala nabari daiteke munduari begiratu eta gauzei izenak ipintzeko dugun moduetan, askotan, baina baita praktikan ere: batera gaudenean bakoitzak duen jarreran, espazioa hartu eta berba egiteko moduan. Eta hori, gure kasuan, ez dugula ibilbide desberdinegia izan: taldekide guztiok gatoz lurralde beretik, hogei urteko denbora-tartean jaio ginen, unibertsitatetik igaro gara. Denok daramagu tarte bat militantzian, zeinak adierazten baitu, neurri batean edo bestean, eskura dauzkagula horrek eskatzen eta eskaintzen dituen ezagutza teorikoa, eta, batez ere, horretan emateko denbora. Hau da, kide guztiok badugu maila jakin bateko kapital kulturala, ekonomikoarekin batera.

Eta, hala ere, aipatutako kidearen kezkak beste egoera bat ekarri zidan gogora: amumak euskaraz irakurtzen ez dakiela aipatzen duenekoa. Gauza bera entzun diet ahozkoan, behintzat, euskaraz bizi diren 40ko, 50eko, 60ko hamarkadetan jaiotako hainbat andreri. Erru-sentipen edo etsipenezko tonuan, gehienetan; «nik ez dut horretarako balio» esanez bezala. Edo zuzenean esanez.

Honezkero eman dut pista, baina ni beste taldekoagoa naiz. Maite ditut fenomeno sozialei buruzko bideo-analisi luzeak, eta izenburu eta azpi-izenburu serio eta potolodun liburuak —nahiz eta hiru orrialde segidan irakurtzeko nik ere burua apurtu maiz—. Bestalde, Lidlen lau piezako mahai-apalategitxoa erosi nuen irailean eta ohe azpian izan nuen lauhileko osoan zehar, ez nuelako muntatzerik lortu. Lagunari ilea tindatzen saiatu nintzenean kopuruak txarto kalkulatu, beheko xerloetan gehiegi ipini eta goiko erroetan orbanak utzi nizkion. Nekez sentitu izan dut neure burua desenkusatu beharra halako trebezia-faltengatik, ordea. Zergatik?

Harrigarria da: inork ez du zalantzan jartzen guztioi beharrezkoak zaizkigun ataza oinarrizkoak egiteko zailtasunak dituztenen inteligentzia, baldin eta autore jakin batzuen izenak ezagunak bazaizkie eta kontzeptu zenbaiten esanahia azaltzeko gai badira. Zergatik sinetsarazten diogu jendeari, hezkuntza-sistemak balioan jartzen duenetik hasita, inteligentzia eta jakintza mota batzuk garatu ez izanagatik lotsatu behar duela? Ez al gara inteligentziaren definizioa edo zabalera bera mugatzen ari? Eta zelan onartzen dugu jendearen balioa horren arabera neur dadin? Are gehiago kontuan edukita zerk garamatzan arlo bata edo bestea lantzeko aukera edo beharra izatera: klaseak, generoak, arrazak eta gure posizio soziala definitzen duten bestelako aldagaiek. Zeinen interesetan ari gara sailkapenok egiten?

Seguruenik ez nuke nik izan behar honi buruz idazten duena, nik aukera izan baitut sistema honetako ateak zabalduko dizkidan pentsatzeko modua eta gaitasunetako asko garatzeko. Bestalde, nago halako zutabeetan idaztera heltzen garen gehienok gaudela posizio honetan. Izan ditugu, zentzu horretan, pribilegio zenbait.

Bestalde, nire kasuan, uste dut abstrakziorako jakin-min horri tira egitera bultzatu nauen faktore handi bat azken urteetan inguruan izan ditudan lagunak direla. Lagun doktoregaiak, lagun idazleak, eta lagun literaturazaleak. Ez nahitaez ezer azaldu didatelako, baizik eta ezezaguna zitzaidan kontzeptu edo izenen bat aipatu izan dutenean, gogoan gorde eta Googlen bilatu dudalako gero. Gehienetan lotsa eman izan dit niri ere zertaz ari ziren galdetzeak —amumari alkandora ganoraz plantxatzen lagun diezadan eskatzeak baino gutxiago—, baina izan dut aukera gerora nire kabuz ikertzeko.

Orain pentsatzen dut interesgarriagoa litzatekeela lagunen hitzetan jasotzea azalpenak, Googleren inteligentzia artifizialak osatutako definizio sintetizatua irenstea baino. Eta baita artikulu amaigabeetan murgiltzeko zailtasunak dituen kideari jaietako kartel argiztagarria zelan eraiki duen galdetzea ere. Nik irakurle-kluba gidatzea, eta brikolaje-tailerra beste batek. Eta biontzat izan daitezela biak. Zintzotasunez onartu ahal izateko dakiguna eta ez dakiguna, jakinik ez gaituela pertsona moduan hobeak edo okerragoak egingo. Eta gure artean parteka dezagun bakoitzak jasotzeko aukera izan duena. Horrek gizatiar agertzea dakarren arren, edo, hain zuzen, hori dakarrelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.