Behingoagatik Bretainia bakean utzita—alga inbaditzaileak direla eta, han ez da giro—, Lapurdiko kostaldera heldu da aurtenparistar familia. Turistaz mukuru bete den etxe sailean alokatu du apartamentua,T3 eder bat, hondartzara bide zuzena, logelak adinako terraza eta parking pribatua ere badituena. Benetako gozamenerako kaiola, itsasbazterrean kokatua. Bai. Urretrukean.
Misterio handirik ez du, halere, udatiarren paradisuan planifikatutako agorril honen egitarauak: eguraldia lagun, hondartzan frijitu-aldi batzuk hartu, gidetan gomendatzen diren toki ikusgarrietarik bat edo beste bisitatu, eta denetan garrantzitsuena, egonean egon, alferkeriatan gozatu, irailetik aurrera datozen estualdietarako bitaminak hartu. Mutiko nerabeek, horrez guztiaz gainera, uretan eta surfean orduak eman.
Oporraldiko bigarren astea. Plazera plazer-erdi baita jan-edan oparoaz laguntzen ez delarik, hamar minutu lehenago ekarri dituen egunkariek senarra irentsi dezaten utzi eta hiri barneko azokara jo du andere prestuak. Erosketak egiteko poltsa zabalak daramatza besapean. Maite du tokian tokiko giroan murgiltzea. Maite du, eguneroko errutinan ari denaren mozorropean, soziologia ikertzea. Ohiko itzulia egingo du gaur ere. Lehenik, fruta-barazkiak eskaintzen dituzten postuak errepasatuko ditu, eta kalitatea erkatuta, tomateak, muxikak, bananak eta masustak erosiko dizkio betikoari; honek hosto berde bikainak eskainiko dizkio bidenabar, entsaladetarako hoberik ez dela zin eginda. Errefusatu egingo dizkio halere, plastikozko zorroan datozenak hobesten dituela aitortzeko lanik hartu gabe. Ogia ere eskuratu eta gero, mahaia alaituko duen generoaren bila joko du azkenik, lehen egunetik begiz joa duen harakinarengana. Bertako ardi gasnaren promozio-iragarkiren batetik ihes egindako pertsonaia dirudienak besoak zabalik hartu du paristarra. Betiko bezeroari ari zaionaren antzean, eguraldiaz mintzatu zaio egundoko pazientzia hartuta, Ezpeletako piperraren erabileraz eta axoa prestatzeak duen sekretuaz. Supermerkatuak bazter utzi eta bertaraino heldu delako losintxak egin dizkio gero, barneko hozkailutik pieza garestiena atera, eta kako eta guzti erakusmahaiko egurrean jarrita, aizkoraz kiloko bi txuleta mozten dizkion bitartean.
Andereak, harrera beroagatik eskerrona erakutsi nahian, hemengo parajeen berezitasuna ederretsi dio atzetik, lausengu zaleari. Era berean, bazterrotako lasaitasuna eta oreka txalotu. Zeren eta, hark berak emandako konfiantza giroan aitortu dionez, «hemen ez da beltzik ez arabiarrik ere».
—Tira, andrea —argitu dio aizkolari mardulak, txuletak eta gainerakoak lauburuz apaindutako paperetan bildu ostean, 65 euro kobratu berri dizkionari—, hemen, beltz-arabiarrak euskaldunak gara.
Uda beteko (p)lana
Harakina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu