Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Harrapakina

2013ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irun eta Donostia faxisten atzaparretan erori eta gero, ehunetik gora preso eraman zituzten Ondarretako kartzelatik Berara, hango harrobian fusilatu eta lurperatzeko. Carmen Barojak bere memoria-liburu guztiz gomendagarrian, Gerra Zibilari buruz ari delarik, Berako hainbaten ahotik entzundako kalaka batzuk dakartza. Txutxu-mutxu lazgarriena, emakume batena, naturaltasun osoz komentatzerakoan bere senarrak —edo semeak?— zer nolako harrapakina lortu duen fusilamenduetako batean parte hartu ondoren: «Bai, gaur goizean goiz gurea bota eder batzuekin eta jertse batekin etxeratu da».

Orain hilabete batzuk Arantzadikoek bi hobi komun aztertu zituzten Berako kanposantuan. Zazpi hildakoren arrasto segurua atera dute adituek. Kontuan hartzen bada fusilatuak ehunetik oso gora izan zirela, hego-haize gauetako airearen zoroak barreiatzen segituko du fusilamenduek Berako harrobiko horma tzarren kontra ateratako tiro-hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.