Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hauteskunde urtea

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Maria eta Martxelo, aurten lan handia izango dugu. Ezustekoez gainera, hauteskunde asko izango dira, eta Europan erabaki judizial oso garrantzitsuak emango dituzte erbesteratuen inguruan. Martxoa baino lehen jakingo dugu, adibidez, Puigdemont presidenteak immunitate parlamentarioa berreskuratuko duen. Hala gertatuko balitz, aske eta Espainiako Gobernuari makurtu gabe itzuli ahal izango litzateke.

Hauteskundeei dagokienez, haietako lauk bilduko dute gure arreta osoa. Lehenik eta behin, legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira Andorran, uda aurretik. Arrunt garrantzizkoak izango dira, Europako Batasunak eta Andorrak aurten itxi behar baitute elkartze akordioa, eta horrek guztiz aldatuko du herrialdea. Democratesek, Xavier Espot egungo gobernuburuaren alderdiak, koalizioa osatu beharko du beste alderdiren batekin, eta bereziki interesgarria da aukera izatea Concordia alderdi berriarekin koalizioa osatzeko; izan ere, talde nazionalista bat da Concordia, eta haren ezaugarri nagusia zera da, gazteak direla taldeko kide gehienak.

Gero, maiatzean, udal hauteskundeak izango dira, eta, guri dagokigunez, baita Valentziako eta Balearretako hauteskundeak eta uharte bakoitzeko kontseiluetakoak ere. Valentziako eta Balearretako bozetan lehia handia izango da bi bloke hauen artean: batetik, sozialistek, Compromiseko eta MESeko nazionalistek, eta Podemosek osatutako bloke aurrerakoia dago, eta, bestetik, PP-Vox bloke kontserbadorea. Badirudi Ximo Puigek eta Francina Armengolek eskura dutela berriz hautatuak izatea, baina sekula ez dago jakiterik.

Azkenik, ezin jakin zer gertatuko den udal hauteskundeetan, ohi bezala. Bartzelonan eta Valentzian lehia handiko hauteskundeak izango dira. Bartzelonan, ikusi beharko da Esquerrak duela lau urteko garaipena berritzen duen —orduan, Ada Colauk lapurtu zion garaipena, Manuel Valls arrazistaren botoei esker—. Orain, PSC oso indartsu dago, eta Xavier Triasen ezusteko hautagaitzak egoera aldatu du, bozetarako egun gutxi falta diren honetan. Eta Valentzian, Compromis alderdiko Joan Ribo PSOEren eta PPren aurka lehiatuko da, guztiak guztien kontra ariko diren borroka batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.