martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hemeroteka

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuaren ordezkari berri batekin hasiko dugu urtea Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: Javier de Andres. «Urte berri, asmo berri» esaera zaharraren izpirituarekin bat eginda, Espainiako Gobernuak bere ordezkarien aurpegia garbitu nahi izan du, Urkijoren harri aurpegia zegoen lekuan De Andesen irribarrea jarriz. Antzeko operazio estetikoa egin dute Katalunian, jarri berri duten ordezkariarekin. Konfrontazio garaiko ordezkariak kendu, eta elkarrizketa garairako egokiago direnak izendatu, alegia, azal finagokoak jarri. Urkijo izan da azken bost urteotan Espainiako langile publikoen artean lan gehien egin duena, alegia, bere soldata hobekien irabazi duena.

Baina denok elkar ezagutzen dugun lur puska txiki honetan, gogoan dauzkagu batzuek eta besteek esandakoak. Akordiotarako malguagotzat aurkeztuko diguten ordezkari berriak, Javier de Andresek, epelak esan izan ditu euskara eskakizunen inguruan. Hemeroteka mendekatian sarreratxo bat egitea aski da ohartzeko zein sentsibiltate gutxi daukan euskararekin, nahiz familiagatik bestelako jarrera edukitzea dagokion.

Arabako Batzar Nagusietako hauteskundeen kanpainaurrean, 2015eko apirilean, hartu zuen euskararen normalizazio politika bere diskurtsoaren lelo nagusitzat. Euskararen gaia Araban sentsibilitate handikoa dela jakitun, jarrera gogorra erakutsi zuen, horrek botoak emango zizkiolakoan. Alderdikide duen Marotok etorkinekin egin zuena egin zuen Javier de Andresek euskararekin.

Euskarak Araban azken hamarkadetan, azken mendeetan eduki ez duen presentzia daukan unean horrelako harribitxiak bota zituen prentsaurreko batean: «Alderdi abertzaleek euskara administrazioan sartzeko eskatzean oztopoak jartzen dizkiete arabarrei, baztertu egiten dituzte, eta lanpostu horiek Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritakoek hartzen dituzte». Edo beste hau: «Euskaratik bizi diren erakundeak daude, Batasuna eta EH Bilduko jendilajearen esku daudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.