ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hil egiten duten erabakiak

Maria Obelleiro.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Astelehenean Nòs Diario-k argitara atera zuenez, pandemia garaian zahar etxeetan hildakoen %90 kudeaketa pribatuko zentroetan hil ziren. Zehazki, mendekotasunaren arloko Galiziako bi enpresa nagusietan izan ziren heriotza gehien: DomusVi taldean, zeina Frantziako eta Erresuma Batuko zenbait inbertsio funtsena baita, eta San Rosendo fundazioan, zeinaren titulartasuna Ourenseko elizbarrutiari baitagokio. Batak eta besteak bereizgarri izan dute politikoki Alderdi Popularretik gertu ibili izan direla, eta, bereziki, Alberto Nuñez Feijoorengandik gertu.

Iaz, Galiziako Xuntak 100 milioi euroko laguntza eman zien zahar etxe pribatuei. Gizarte Politikako buruek parlamentuan emandako datuen arabera, honela banatu zen diru hori: 74 milioi, talde pribatuekin egindako itunetarako; 18 milioi, zentro publikoak kudeatzen dituzten enpresentzat; eta 5 milioi, txeketan emanak, erabiltzaileentzat, zahar etxe pribatuetako egonaldia ordaintzen laguntzeko.

Zahar etxe publikoetan eskaintzen diren tokiei dagokienez, estatu osoa kontuan hartuta azken postuetan dago Galizia, eta Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako ratioak baino bi puntu txikiagoak ditu. Gaur egun, 21.944 toki ditu, 383 zahar etxetan; horien %20 kudeaketa publikokoak dira, eta gainerako %80ak, kudeaketa pribatukoak. Hain zuzen, horietako bat da Pazos de Borben udalerriko Mi Casa; hari buruz idatzia dut lehenago ere hemen. Pontevedrako patronalaren buru izandako batena da, PPren ekitaldietan izan ohi den batena, eta hark adinekoak tratatzeko duen moduak eskandalua piztu du Galiziako iritzi publikoan.

Galiziako zahar etxeetan koronabirusak jota hildakoen ehunekoa argitaratu den astean bertan, Alderdi Popularrak gehiengo absolutua baliatu du zahar etxeen lege berri bati ezezkoa emateko; hain zuzen, heriotza gehien eragiten dituzten alderdi batzuk zuzentzea zen lege horren helburua, eta sektore publikoa lehenesteko eredu berri baten aldeko apustua egitea. PPk, ordea, adinekoak negozioetarako erabiltzen dituzten enpresa pribatuak babestu ditu, eta ezaguna da zer ondorio dakartzan horrek. Erabaki batzuek hil egiten dute, eta hau horietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.