Lutxo Egia.
TRANSITOAK

Hiri ikusezinak (II)

2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbat eta gertuago periferia sozialetik, orduan eta ikusgarriago. Gurera ekarrita, zenbat eta hurrago hizkuntz kanpoaldetik, ikusgaiago. Performancea hasi besterik ez bada ere, norma sozialetik urruntzen denarekiko zigorra nabaritu dut erdaldun ezezagun zenbaiten begiratuan. Normaltzat jo beharra dago, noski.

Baina aurki guztiak bere binperra nola, hala ikusgaitasunak ikusezintasuna. Erdaldunen eremu batzuetan ikusgarriago agertzeaz batera, ikusezintasun-sentsazio batek ere bildu nau. Neronek aktibatutako espazioetan soilik ageri naiz ikusgai. Beste guztietan, ordea, zeharo ikusezin. Hotz eta motz esateko: espainieradunak ez dira performanceaz enteratu.

Twitter kontua dut. Aurreko egunotan, euskarazko ehunka txiotan eta bertxiotan etiketatu naute; nik dakidanez, aldiz, gaztelerazko bakar batean ere ez. Euskarazko prentsan, bestalde, performanceak leku zabala hartu du han-hemen; erdarazkoan, salbuespenak salbuespen, arreta hutsaren hurrengoa izan da. Eta ez ulertu gaizki: ez dut ez kexarik, ez arrangurarik. Ondo pentsatuta, uneon erdaldunen artean hedatzea ekintzaren beraren kaltegarri izan liteke. Hobe geroago. Baina zer pentsatua eman dit. Euskaraz sortzen duten kulturgileek izaten duten sentsazio mikatz hori agertu zait neuri ere; performance honen parte bilakatu da. Eta partea delako, azpimarragarri deritzot.

Denok dakigun kontua da: euskararen moduko hizkuntza minorizatu baten unibertsoa ez da ezer (ez du prestigiorik) gain-erdarenean. Bateko, oihartzun handia; besteko, isil larria. Hizkuntz arroila zabala dago, sakonune linguistiko latza. Griffin bezain ezin ikusizkoak gara, H. G. Wells-en The invisible man nobelaren protagonista. Jakina denez, soilik hilik egin zen haren gorpua ikusgai.

@'Transitoak' blogeko gainerako sarrerak irakurtzeko, jo hona:

www.berria.eus/blogariak/transitoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.