Hiritarren ongizatearen alde

Manuel Garcia Bengoetxea
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Edozein osasun-sistemarentzat ezinbestekoa da medikuen eta erizainen arteko lankidetza egokia izatea, hiritarren premiak ahalik eta modurik hoberenean betetzeko aukera edukitzeko. Mediku eta erizainen gure bi gremioak eskutik joan dira beti historian zehar, eta gaur egun ere lankidetza estuan dihardute ospitale, klinika eta kontsulta desberdinetan. Gure lurralde historikoko laneko zentro gehientsuenetan gaur egun elkarren artean daukaguna bezalako harreman on horri eusten saiatu behar dugu bi aldeok, hain zuzen ere. Sendagaien preskripzioaren inguruan sortutako eztabaidak, beraz, ez luke inolaz ere aldrebestu behar oraindik ere hain emaitza onak ematen dituen talde-lana.

Izan ere, preskripzioak arautzen dituen egungo lege-esparrua profesional sanitarioen talde bien akordioko filosofia horretatik jaio baitzen, zehazki esateko. Medikuek eta erizainek elkar adostutako 2009ko Sendagaiaren Legeak preskripzio medikorik eskatzen ez duten sendagai guztiak «agindu, erabili eta baimentzeko» aukera ematen die erizainei. Eta lankidetza edo elkarlaneko esparru horren barruan adostutako praktika klinikoko protokoloak eta gidak ezartzeko modua ere ematen du, erizainek egoera jakin batzuetan —gripe-agerraldi edo broteetan, esaterako—, pazienteei zer-nolako sendagaiak har ditzaketen agintzeko gaitasuna eduki dezaten.

Gobernuaren Errege Dekretuaren zirriborroaren edukia izan da, hala ere, oraingoz behintzat, Erizaintzako eta Medikuntzako profesionalen arteko akordioan adostasunik lortu ez eta gure kolektiboaren ezezko gogorra eragin duena. Testu horrek preskripzio medikoa eskatzen duten sendagaiak errezetatzeko ahalmena ematen die erizainei. Eta kreditazioko ikastaro bakar batek gisa horretako sendagaiak errezetatzeko aukera emango lieke erizainei, Gobernuak proposatutako idazketaren arabera. Medikuon iritziz, ordea, hor proposatzen den edukia onartezina da.

Tratamenduak harreman eta lotura estua dauka diagnostikoarekin, eta, gure ustez, ez da inolaz ere ahaztu behar medikua dela diagnostiko hori egiteko gaitasuna eta ahalmena duena. Guk egiten dugu gaixoaren historia klinikoa, guk jasotzen dugu beharrezko informazio guztia eta guk miatu eta aztertzen dugu, tratamenduaren oinarria izango den irizpen klinikoa osatzeko modua emango digun egoerara iristeraino. Diagnostikoa da, beraz, pazienteei zer-nolako sendagaiak errezetatuko zaizkien erabakitzeko medikuok baliatzen dugun oinarria, eta lan horretan erizainek ezin gaituzte ordeztu. Egungo legeak argi eta garbi uzten du: medikuak, odontologoak eta podologoak dira «preskripzio medikoa eskatzen duten sendagaiak errezetatzeko gaitasuna duten profesional bakarrak».

Ezinbestekoa da, bada, profesio sanitario guztiei eskatzekoa den elkarlanean lanbide bakoitzak bere-bereak dituen gaitasunak eta eskumenak ezarri eta argi edukitzea, profesional guztiek euren jardueran ezaugarriak diren ardurak eta erantzukizunak erabat onartzeko aukera eduki dezaten era horretan. Eta preskripzio medikoa eskatzen duten sendagaiak errezetatzeari dagokionez, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak behin berriz berresten du diagnostikoa egin eta sendagai horiek agintzea medikuen eginkizuna dela, baina egoera zehatz eta oso jakinetan erizainei sendagairen bat edo beste agintzeko aukera emango liekeen gida edo protokoloak adostu daitezkeela ukatu gabe.

Benetan sinetsita baikaude etorkizuneko lege sanitarioak lantzeko bidean elkarren lankidetzako eta adostasuneko giro horri eustea dela batzuen nahiz besteen ezagutzak eta trebetasunak aprobetxatzeko modurik onena, hiritarren ongizatea nagusitu dadin betiere beste ororen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.