Anjel Lertxundi.

Artxiboen Artxiboa

2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun
EIDER EIBAR
EIDER EIBAR

 

Lainoko linboan. Borgesek Babelgo Liburutegi infinitua asmatu zuen. Fikziozkoa, baina letra-zaleontzat erreala, infinitua, sinesgarria. Ezagutzen dugu. Artxiboen Artxiboa ere hasi gara usaintzen adimen artifizialak gure burmuinetako atean tok-tok jo zuenetik. Artxiboen Artxiboa, bada. Infinitutzat jo daiteke baita ere, baina, Borgesen Babelgo liburutegia ez bezala, Artxiboen Artxiboa erreala da, hazten eta hazten ari da, munduko datu den-denak gordetzen ditu, zureak eta nireak, guztionak. Ez-leku batean dago, lainoa deitzen diogu: errealitate ukiezina, entzunezina, ikusezina da. Adimen artifiziala izan da alerta-deia. 

Nor den Artxiboen Artxiboaren jabe eta nork kontrolatzen duen, adituek ez omen dute hutsaren ondorengo arrastorik ere, baina susmoa da Artxiboen Artxiboak bizitza automatikoa eta autonomoa duela. Nor edo zer dagoen atzean? Jainkoa edo halabeharra edo gizaki aberatsetan aberatsena aipatzen dira, baina ez dakigu ezer Artxiboen Artxiboko jabetzari eta kontrolari buruz. Atzean inor badago, ez dakigu nor edo zer den: botere handiko —diru askoko— gizaki bakar bat, mundu mailako konspirazio ultra-sekretu bat, kasualitate kosmikoa? Ez dago ezer garbi, salbu Artxiboen Artxiboa lainoa deitzen dugun linboan dagoela —ez zeruan, ez lurrean—. Ezagutzen dugu, halaber, Artxiboen Artxiboko mekanismoa: guztion datuak eta datuak gordetzen ditu minutuero, orduero, egunero. Gure telefonoen erabileretatik jasoak dira datuok, gure ordenagailuetan ikusi eta idatzi dugunetik, kameratxo bat edo mikrofono bat dagoen edozein puntutatik —supermerkatua, autobusa, komun publikoa...—, tabernan esaten ditugunak, ni artikulu hau idazterakoan ordenagailuan egiten ari naizen zuzenketa xumeenak ere bertan daude. Hori guztia eta gehiago jasotzen ari da etengabe Artxiboen Artxiboa... Nondik ez ote dira iristen datuok lainora, Artxiboen Artxibora, algoritmoen paradisura!

Ez da txantxa. Hasierako sorpresaren ondoren, desairezko mespretxuz hasi ginen mintzatzen adimen artifizialaz. Aitor dezagun popa-bistan harrapatu gaituela, hainbeste hauspotzen genuen giza jakituriaren nagusigoa barregarri uzteraino; hainbat eta hainbat lanbide pikutarako bidean jartzeraino. Popa-bistan baino are barregarriago harrapatuko gaitu Artxiboen Artxiboak. Biluzik eta buru-ments. Denok daukagu falta, bekatu, delitu xume nahiz larriren bat ezkutuan, ez daukala uste duenak ez dezala hatza altxa ez dadin lotsa: gau zoro hura; etxeko garbitzaileari eragindako umiliazio etengabea; Ogasunari aitortu gabeko dirutza...

Denok gara zerbaiten errudun. Artxiboen Artxiboa da informazioaren jabe, eta, interesatzen bazaio, salatuko nau eta nire kontra baliatuko du nik inoiz egin eta isilean gorde nuen ez-egiteko politiko, ekonomiko, sozial, sexual edo dena delakoa. Komeni zaionean.

Sekretu ofizialen haritik. Datuak dira baliabide garrantzitsuak, ez gure pentsamendua, ez gure eguneroko lana, are gutxiago datuak interpretatzeko gure eskubidea (eskubidea? zer da hori?). Datuak, datu soilak dira axola dutenak, ez etika, ez demokrazia, ez frantziskotarren hirugarren ordena. Datuak dira dirua ere dantzan jartzen dutenak, Anaia Handiaren —mundu-globoko aberastasun aberatsenaren— kontrol politikoa da nagusi, botere totala, azpilana eta azpijana, lainoko isilpean eta isilpetik bultzatua. Linbotik. Algoritmoak ditugu bertako aingeru.

Pixkana-pixkana adimen artifiziala adimen naturalaren gainetik, humanismoaren gainetik, giza askatasunaren gainetik, eskubideen gainetik. Lainoa hedatzen eta hedatzen. Gure datuak baliatzen noiz hasiko den, galdetu IAri.

Mundua mundu denetik, gertatu dena eta bizi duguna ulertzeko konparazioa eta kontrastea baliatu ditugu, hurkoari entzuten irakasten ziguten, ideiak ideiekin lehian jartzen ikasi genuen. Mundu konplitua zen gurea, konplikatua baino: itxuraz behintzat, bagenekien zer zen txarra eta zer ona, balorazioa zegoen, gure mundu-martxa pisatzen zuen baskula baten gainean geneukan bihotza.

Artxiboen Artxiboak ez du halakoren beharrik: baskula batek ez du enbarazua besterik sortzen. Datuak, aldiz, autonomoak dira, hotzak, etereoak, atzera bota ezinak, ideologiarik gabeak, epaitu ezinak. Dira. Datuak. Atzera bueltarik gabeak.

Artxiboen Artxiboa gizentzen eta gizentzen ari da gure datuekin. Ez du ezer arrotzik asmatuko, badira aurrekari garbiak: orain arte, pixkana-pixkana lotsa galtzen joan ostean, politikari askok, egunkari askok, polizia-zentro askok, epaile-kastako manipulatzaile askok tiraderak eta tiraderak eduki izan dituzte sekretuz politikari honen eta bankari haren datuez beterik. Badaezpada ere. Eta inor harrotzen bazen, tiradera zabaldu eta bertan pilatutako kiratsa barreiatzen zen komunikabideetan. Esaten ari naizen guztiaren aurrekariak dira sekretu ofizialak. Alferrik da ahotsa altxatzea. Sekretua izaten segitzen dute. Aireratzea komeni zaien arte. Altxorren Altxorrak aurrekari ditu.

E la nave va. Honezkero ez dabil urruti deskribatzen ari naizen Anaia Handia, honezkero badu plan bat, honezkero aberatsen arteko aberatsena izateko bidean da eta bera bezain aberatsak ez direnak noiz irentsiko dago. Pazientzia du. Zibilizazio bakarra, norabide bakarreko mundu-martxa, pertsona bakar batek kontrolatua. Gizonezkoa izango da, noski. Anaia. Handia. Akabo txakur-ametsak, mundu hobe baten desio eta suspirioak. Datuen esklabo gara, datuak dira gure lepo-bilurrak. Agian inoiz ezagutuko ez dugun Anaia Handiaren lainoan gaude. Zu. Ni. Denok. E la nave va esango dugu Felliniren filmak bezala, operako ariak entzunez, zeru gorrixkarekin zoratuta, inora ez doan ontzi batean. Doa eta doa ontzia, eta bertan gu. Eta filmeko sopranoak esango digu ontziaren kareletik ilunabarreko argi ederrari begira: «Zein ederra! Kuadro bat dirudi!».

«Dena aldatzen ari da!». Mundua ez da jada nire gurasoek ezagutu zutena, ez da jada nik txikitan, gaztetan, helduaroan ezagutu dudana. Artxiboen Artxiboarentzat, ordea, dena da berdina, dena dago zorrotz kontrolatua, Bohumil Hrabalen nobelaren izenburuko Zorrotz begiratutako trenak bezala.

Eta, hala ere, la nave va.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.