Anjel Lertxundi.
HIRUKO (H)ITZA

Bertze jendek uste zuten

2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Espainiako Kongresuan euskaraz ere mintzatu ahal izateko araudi aldaketa onartu dute». (Joan zen iraileko 22ko BERRIAk)

Biktimismorik gabe. Duintasunaren jabe.

Hala nahiko genuke, behintzat. Garaziko herria gara, euskararen komunitatea. Eta gaur bezala orduan ere bertze jendek uste zutenaren biktima zen euskara: hizkuntza-izaera ukatzen zitzaion ez omen zelako posible euskara letretan jartzea. Etxeparek bertze jenderen ustea osorik ustel zela frogatu zuen arte: «Bertze jendek uste zuten ezin eskriba zateien, orai dute porogatu engainatu zirela». Ez da biktimismoaren arrasto handirik ageri Etxepareren aldarriko poztasunean. Poetaren mezuak dio: apalak gara baina konfiantza dugu; duintasuna da gure indarra. Eta etorkizun hobeago baten desioarekin amaitzen du euskararen primiziei buruzko liburua: «Debileprincipiummeliorfortunasequatur», fortuna hobeagoa izan dezala [euskara idatziaren] hasiera apalak.

Bertze jendek uste zutenaren kontra arituko da Manuel Larramendi ere euskararen lehen gramatikarekin, liburuaren izenburutik hasita: El imposible vencido. Bertze jendek uste zuten euskara barbaroa zela, ez zela posible gramatika baten muntaketa-kate logiko bat lortzea, ez zela hizkuntza jasoen kontzertukoa izateko gai; baina horra, Larramendiri esker, euskaldunen hizkuntza gramatikaren arauen arabera deskribatua beste hizkuntza kultuen pare. Etxepareren kasuan bezala,Larramendiren hitzetan ere ez dago biktimismorik, baizik euskararen gaitasuna ukatzen zutenen bazterketari buelta eman izanaren harrotasuna eta konfiantza, eta tok!, Larramendik hain berea zuen adar-jotzearekin dotoretua.

Bertze jendek uste zuten, Unamuno buru zutela, euskaldunok hobe genuela euskararen hiltzaile bihurtzea («El euskera se muere sin remedio; se muere y se debe morir»). Hala uste zuten eta halaegiteko eskatzen ziguten gainera, uzteko euskaraz egiteari. Euskal Pizkunde garaia sortu eta hauspotzea izan zen Unamunori emandako bozkariozko erantzuna. Biktimismorik gabe, baina ozpin garratzez Unamuno zela kausa. Duintasunaren jabe eta tente. Garbi utziz ez geundela euskara akabatzeko prest. Aitzitik: baina ezinPizkundea baino erantzun hobeagorik Unamunok eragindako mindurari.

Laster, ordea, gerraren odolak blaitu zuen esperantza.

Ileak orratz.

Etxepareren garaitik gerra bitartean, eta ordutik Franco hil arte euskarak ez zuen tokirik administrazioan, ez zeukan Unibertsitaterik, apenas zeukan eskolarik. Mende asko dira eta umiliazio asko. Ileak orratz bihurtzen dituzte Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskaraeta Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura izeneko liburuetan jasotako dokumentuek, testigantzek, haietan oinarrituta esaten direnek. Aringarririk gabe: hizkuntza boteretsuek (esan nahi da boterearen hizkuntzek Espainian eta Frantzian) euskara menostu eta zapaldu dute mendeetan.

Ahulari egin ohi zaion irria edo mespretxua edo errepresioa (edo hori guztia batera) izan ditu euskarak bidaide. Gauzak asko aldatu omen dira eta dira. Ez ordea, inondik ere aldatu behar zuten adina. Komeni da, noski, bertze jendeen errealitate linguistikoari begiratzea. Baina matizak matiz, bertze jenderen hiztun eskubideak eta euskararenak desberdinak (ez berdinak eta bai injustuak) direla esaten jarraitu behar tristeak bizi gaitu. Justizia erreibindikatzen segitzen dugu, baina sarri gertatu ohi den legez, justizia euskararekin gogoratzen denean, zigortzeko izaten da. Urrutira joan gabe denboran, ugariak ditugu muestrak azken urteetan ere han-hemengo euskal herrietan. Bertze jendea baino areago, jende beti bera da hizkuntzen eskubideen zapalketa kontzientearen arduraduna.

Oraintsu pare bat aste, Espainiako Kongresuan euskaraz ere mintzatu ahal izateko araudi-aldaketa onartu zuten. Poztu gintuen albisteak, hotz utzi gintuen. Biak dira ulergarri, aldi berean zein bata bestearen atzetik Kongresuko aukera pantomima soil tristea bilaka daitekeelako: tori antzokia, zabalik daukazu zure ahotsa entzuteko. Baina zertarako, ez da-eta efikaza?, entzun omen zaio bati baino gehiagori.

Irizpide horrekin, eta arrazoiketa muturrera eramanda, euskalgintzako oro ere ez da efikaza. Kulturan beti da suizidioa efikazian soilik sinestea.

Naturaren sinfonia. Lurrak edo eraikinak patrimonio unibertsal babestu beharrezkoak deklaratzen dira, bere balio ekologiko, historiko, estetikoengatik. Babestu egin behar dira, zaindu, eta, posible den neurrian, galdu zena errekuperatu.

Askotan ematen dut paseotxoa Zarauzko Iñurritza biotopoaren inguruetan. Errekako urak garden-garden daude, aspaldi jarri zuten hondakin-uren depuradorak garbitzen ditu. Erreka gaur ez da ezagutu genuena. Hegaztiak itzultzen hasi ziren, gutxi batzuk lehendabizi, txori desberdinen saldoa ibili ohi da orain. Inguruko flora berritzen ari da eta ugaritzen. Ahaztu zaigu errekari río peste deitzen geniola. Sudurra ondo estututa pasatzen ginen bertatik.

Txori eta hegaztiak biotopoan kantuan atzera eta aurrera. Justu-justu dakizkit haien izen batzuk. Kaioa, antxeta, belatza, karnaba, uroiloa, txinboa, kulixka, txepetxa... Adituek ehundik gora hegazti dauzkate katalogatuta, izan bertakoak izan auskalo nondik etortzen direnak biotopoan atseden hartzeko. Ez dakit aipatu ditudan hegazti guztiek kantatzen duten. Entzuten ditudan txioak desberdinak dira, batzuek oso fina dute kantua, beste batzuek eztarrian marranta balute bezala dihardute. Txinbo guztiek igualtsu egiten dute, kulixkek ere halaxe, baina txinboen txioek eta kulixkenek ez dute elkarren arteko antzik. Auskalo zenbat ahots desberdinen koroa den biotopoa.

Bertatik pasatzen direnen artean batez ere uda-partean ugari izaten da bertze jendea ere. Ez dago txori-hegaztien kantu ederrak, desberdinak aipatzen ez dituenik. Ugaritasuna txalotzen dute, ederra iruditzen zaie entzuten ari diren naturaren sinfonia, eta, bide batez, bidertzeko tauletan dauden argibideak irakurtzen dituzte, gaztelaniazkoak noski. Baita zarauztar peto batzuek ere tartean.

Etxean zain baitaukat artikulua, bukatzeke, pausoa bizkortu dut. Gero eta urrutiago entzuten dut txori-hegaztien jardun harmoniatsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.