Anjel Lertxundi.

Bizitza noiz eta nola den eder

2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun
(ID_17044623727995) Eider Eibar
Eider Eibar

Doi eta duin. Giacomo Leopardi poetaren Kalendario-saltzaile eta oinezko baten arteko elkarrizketa ipuin laburreko bi solaskideak adeitsu mintzo dira denboraren eta bizitzaren martxaz. Ipuinaren bukaerak dio:

«Oinezkoak: Bizitza ederra ez da ezagutzen dena, ezagutzen ez dena baizik. Ez da iraganeko bizitza, etorkizunekoa baino. Urte berriarekin, zoriak ondo tratatuko gaitu biok, guztiok, eta bizitza zorionekoa hasiko da, ez al da hala?
Egutegi saltzaileak: Hala espero.
Oinezkoak: Orduan, erakuts iezadazu daukazun kalendariorik politena».

Urte berriarekin, egutegi handi baten oparia jasotzen dut aspalditik. Kalendarioko orri bakoitza hilabete bat da, hilabete bakoitzeko egunak adina zuriune eta zenbakiekin. Orduen gurpilak emandakoa jasotzen dut, ez egunero, zuriuneotan, eta, urtea bukatutakoan, azken begiratua ematen diet urtean zehar idatzitako ohartxo eta notei. Kalendario zaharra baztertzen dut. Agur, bada, albiste onei eta txarrei, garrantzitsuei eta anekdotikoei: batzuk eta besteak ageri ohi dira urteko pozen eta saminen kaleidoskopioan. Egutegi berria zintzilikatzen dut orduan. Urte joan berriari agur esateko modu bat da. Xanpainik gabe. Intimitatean.

Aurten, ordea, ez dut kalendario iragan berriari begiratzeko barrurik izan. Jorge Giménezen gaixotasunaren gorabeherak, telefono deiak, elkar ikusteko aukerak daude bertan jasota. Ukrainako eta Palestinako gerrei buruzko notak baino ugariago; irakurri ditudan liburuei buruzko apunteak eta ohar pertsonalen gainetik.

«Zer moduz hago?», galdetzen nion telefono-dei edo enkontru bakoitzean. Alberdania argitaletxearen martxara egokitzen zen kimio-saiorik gabeko egunetan. Gaixo zegoen arren, gaixotasuna doi baina duin eramateko modua zuen gaitzaren eta lanaren uztarketa. Espanturik gabe, diskrezioarekin. Susan Sontagek aspaldi salatu zuen gaitza eta gerra lotzeko gure baldarkeria Gaitza eta bere metaforak liburuan. Gaixoa ez da gerlari zauritu bat, metafora beliko batek ez dio kalterik baino eragiten gaixoari, ospitalea ez da kaserna bat.

Ahots pertsonala. Jorgek gorroto zituen hizkera buiatuak, errespetu pitzadurarik gabea zion hizkerari, liburugintzan edo itzulpenetan bezala eguneroko jardueran ere. Hitzarekiko errespetuaren atzean ez zegoen, ordea, komenentzia edo diplomazia edo itxurakeriarik. Aitzitik. Hitza konpromisoa da, gizatasunak beharrezkoa du zuzen izendatzea unean uneko errealitate humanoena, apalena, ñimiñoena. Daramagun martxan, hitzari errespetua galdu genion garaiaz mintzatuko zaigu etorkizuna.

Hizkeraren zehaztasunari buruzko lezio ederrak eta kontu-eskatze zorrotzak jasoa naiz Jorgerengandik. Elkarrekin errepasatzen genituen Jorgek egindako nire lanen itzulpenak —nire originalen etsaminak—: beti izaten ziren jardun zorrotzak; deserosoak ere bai behin baino gehiagotan, errietak ere barne. Jorgeren zehaztasunak zorroztasun guztizkoa zuen bai euskaraz, halaxe gaztelaniaz: Terentzioren bidetik, Jorgerentzat ere humanoa den oro zegoen lotua etikarekin, eta etikak estetika behar zuen bidelagun. Oinarri horien gainean eraikitzen da ahots pertsonala, ni egiten gaituena.

Egunotan jende askok hitz egin du Jorgeren elegantziaz. Hitz egiten duguna eta hitz egiteko forma dira pertsona baten dotoreziaren adierazgarri nagusiak. Lagunaren elegantziak sakontasuna, zehaztasuna, tonuaren oreka eta diskurtsoaren antolamendua zituen osagarri nagusi jardun publikoetan bezala lagunarteko solasaldietan ere.

Oker ez banago, 1995. urtea da Frankfurteko Liburu Feriara elkarrekin joan ginen lehen aldia. Eskailera mekaniko batean gero eta gorago, orduan eta handiagoa iruditzen zaigu feria. Liburugintza literarioan zentratutako pandemonium sekulako bat, mundu are handiago baten ispilu. Euskararen mundutik joanak gara gu, status kultural prekario batetik. Globalizazioaren periferia gara. «Hasi hadi hemen ahots pertsonala erreibindikatzen», ateratzen zait barru-barrutik. Jorgek sarritan erabiliko du ateraldia, nitaz trufatzeko bezala gure egoera kulturalaren muinaz jarduteko ere.

Irunen jaioa, gaztelaniatik eta katalanetik dator Jorge, eta oso gazterik egiten du euskararen hautua. Euskara ahots pertsonala izatea lortzeraino. Irungo Udalak sortutako Plazara literatur aldizkaria zuzentzen du zazpi urtez. Ondoren, Alberdania sortzen du Inazio Mujikarekin batera. Inork espero baino bide oparoagoa egiten hasten da abentura kultural arriskutsua: bi lagunek laster erakusten dute posible dela eduki aberatseko edizio txukunak kaleratzea exijentziaren bidetik. Kulturatik. Kulturara. Halatan, kezkaturik indarkeriaren ondorioekin, Isiltasuna ez da aterpe manifestua kaleratzen da argitaletxearen jirakoen bultzadaz. Jorgek tragikoki —guztiz barrutik— bizi du isiltasun propioa ETAk aita hil zionetik. Zauri bat du bere baitan, lasaitzen uzten ez dion mina. Urte batzuk geroago, ETAk armak utzi ostean, Inoiz babestu behar ez zena artikulua idazten du. Bere iragana dago bertan, etorkizuna ikusi nahi luke bertatik: indarkeria-urteen zuriketaren arrisku larria eta beldurra aitortzen dizkio entzun nahi dionari.

Ea hurrengoan. «Urte berriarekin, zoriak ondo tratatuko gaitu biok, guztiok», esaten dio ipuineko oinezkoak kalendario-saltzaileari. «Hala espero», erantzuten dio saltzaileak, urte batzuk geroago Becketten Godoten esperoan obrako Estragonen etsipenezko esperantza berarekin. Denok gaude esperoan, behin eta berriro oparitua da bizi dugun denbora. Dena da bizitza, gaixotasuna ere barne. Eta dena baita bizitza, Getarian egitekotan ginen bazkaria —lanpernazale amorratua zen— gogorarazten genion batak besteari elkar agurtzeko momentuan. «Ea hurrengoan», esaten zidan, ipuin laburreko oinezkoak «hala espero» esaten duen moduan. «Lasai. Iritsiko duk hori ere», erantzuten nion.

Hitzak berak baino gehiago esaten du gaixo baten ahotsak —minaren muinak—, eta Jorgeren azken bi hilabeteetako hitz apalduen tonuak esaten zidan lagunak ez zuela urte berririk ikusiko ez Getariako lanperna-janik. Kalendarioak ez dio jada orri gehiago opako Jorgeren etorkizunari, baina gure memorian geratu da haren izaera dotorearen arrasto ezabaezina. Memorian gordetzen duguna ere bizitza baita, telefonoa hartu eta «zer moduz hago?» galdetzeko gogoa...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.