Esan egin beharko da erraiak erre aurretik. Herri honetako agintarien kultur eta hizkuntza politiken ondorioz zer gertatzen den inoiz baino nabarmenago ikusi ahal izan dugu itxialdi sasoian.
Etxean zegoen R.O. kantaria; etxean B.M musikaria; etxean zegoen A.A. bertsolaria; etxean I.I. antzerkilaria... Eta guztion etxeetan, etxetik inor ateratzen ez zen egunetan ere, gure telebista publikoak hala ahalbidetu eta hauspoturik, programa izar batzuk, izar-programa ziren ustetan. Ekoizpen-etxeren batentzat pagotxa. Programa bat baino gehiago aldi berean, eta batean bestearen propaganda eta bestean bateko parte hartzaileak parte hartzaile. Gaztelera hutsez, jakina. Ez zitekeen besterik espero euskararen normalkuntzarako sortu zen tresna batengandik!
Gauza bat onartu beharra dago. Andre Bretonek berak baino lan handiagoa egin dute surrealismoaren hedapenean. Kamera bat aurrean jarri eta nor dela sinesteko joera duenak edozer esan dezake harropuztuta. Surrealismoaren gorenean, honelako esaldi bat irudikatzen dut parte hartzaileren baten ahotan: «Egia da iaz Peter Handkek irabazi zuela Literaturako Nobel saria. Eta egia da Conquis-en hamaikagarren edizioan nik irabazi nuela txerriaren proba». Eta hala izango da...
HITZ ETZANAK
Aberasten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu