Himalaia edo Karakorum mendikateak beti irudikatu izan ditut oso iparraldera. Guretzat, niretzat behintzat bai, elurra, izotza eta horrelakoak iparraldera dira. Punta-puntako mendizale batek irekiarazi zizkidan begiak. «Badakik pertsona zergatik igo daitekeen, esaterako, Everesten gailurrera?». Prestakuntza fisikoa eta psikologikoa, materialen hobekuntza, informazio pilaketa... aipatu nizkion erantzunean. Barre-murritxa egin, eta bota zidan: «Kanaria uharteen latitudetik hurbilago dagoelako Euskal Herriarenetik baino. Everest Parisen latitude berean balego ez huke pertsona ia bederatzi mila metroko altuera horretara igo ahal izango». Nire mundu-mapa mentalari buruzko eskemak apurtu zizkidan.
Mediterraneo itsasoa, niretzat behintzat bai, gurearen aldean itsaso urdina zen, argitsua, barea... Orain, Aquarius ontzia dela eta, astelehen-astearte gaueko irudiak ikusi ahal izan ditugu, hango olatu, hango haize, hango intziri... Eta hura ez zen umetan ikasi genuen «bateltxoa kulunkan itsas-urdinean». Beste muturreko bat eraikitako mapa-mentalei. Latitudeak direnak dira, gure usteak oker ibili arren. Altuera, ordea, bakoitzak kokatzen du nahi duen lekuan. Goi samarrean ipintzea komeniko litzaioke Europari...
HITZ ETZANAK
Altuera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu