andoni egana

Ariketa III

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Astelehen goiza. Zortziak hogeita bost gutxi. Korrikak Guardiara iristen behar du. Itxi ditut begiak, zer ikusiko.

Guardian, Korrika ikusi dut bi mahairen ondoan pasatzen. Brontzezkoak dira. Bataren gainean maletak eta poltsak daude; bestearen gainean, askotariko oinetakoak. Duela hogei urte bidaiarien omenez Koko Ricok egindako artelan bat da, errealista oso, begi askoren pozerako. Ematen du zer pentsatua. Gure kantu tradizioan, poltsa ezinarekin lotu izan dugu sarri: «Poltsa, poltsa banuela baina... dirurik ez, dirurik ez!». Eta oinetakoak ere ez ditugu, antza, sobran izan: «Alpargatak urratuta zapatarik ez, Hernion geratu nintzen oineko minez»; «Arri, arri mandako, bihar Tolosarako, etzi Iruñarako... Handik zer ekarriko? Zapatak eta gerriko!»... Eta poltsa-oinetakoen gabezia esaldi berean ere uztartu izan dugu Santa Ageda bezperan: «Ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz».

Poltsen eta oinetakoen mahai horien ondoan pasatuko da ordu erdi barru Korrika, ginena ahaztu gabe, garenetik izan nahi genukeenerako bidaian. Bidaiari horiek merezi dute omenaldia. Harro Herri-ren leloa inon baino egokiago txertatzen da paraje haietan. Nolanahi ere, etorkizunerako bidaia horretarako poltsa bete samarra eta oinetako onak komeni zaizkigu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.