Pertsonak bitan bereizi zizkidan behin adiskide batek berriketaldi arinean. «Ni ez nauk sekula arruinatuko», bota zidan. «Hi ere ez», erantsi zuen. Gure ingurukoetan zein arruinatzeko arriskuan ibiliko zen bizitza osoan eta zein ez zerrenda eginez osatu zizkidan argibideak. Ez da filosofiaren ur sakonetan asko murgiltzen dena adiskidea, baina badu sena.
Eman zidan zer pentsatua. «Arruinatu» aditza bera erabili izana esanguratsua zen. Euskaraz bada nor adiskidea, baina adierazi nahi zidanerako ez zitzaizkion aski «hondoa jo», «porrot egin» edo «erreka jo». «Arruinatu» esan bazuen, «arruinatu» esan nahi zuelako zen. Batzuen eta besteen bizimodua ateratzeko moduaz ari zen. Batzuek, nork berea egin eta nork berea egitearekin askietsi ohi dute; beste batzuek, zerbait eraiki beharra izaten dute euren jiran, nork berak egindakotik jatea gutxietsita. Eraikitzen dena eraitsi ere egin daiteke, ordea...
Itxialdi honetan etorri zaizkit gogora aspaldiko hitz haiek. Beretik eta beretik bakarrik ari dena, gauzak oso gaizki badoazkio ere, geratuko da gutxirekin, oso gutxirekin, edo batere gabe. Baina «arruinatu» ez da sekula egingo. Hori bai: diru laguntzen banaketa garaian, «negozioa» oker joan zaionak ez luke erruki handiagoa sortu behar...
HITZ ETZANAK
Arruinatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu