Honelatsu hasten zen bakarrizketa bat gogoan dut: «Sartu zure nagusiaren bulegoan eta irribarrea loratuko zaio. Beti zuzenduko dizkizu hitz goxoren batzuk. 'Eguraldi petrala gaur, e, Ernesto? Lastima! Etorriko dira egun hobeak eta baliatuko ditugu biok nahi duguna egiteko'. Izendatzeko moduan ere ongi nabarituko duzu nagusiak zenbat maite zaituen. Batzuetan Ernesto deituko dizu, beste batzuetan Ernestotxu eta Ernestotxe ere bai tarteka, izena nondik datorkizun ez ahanzteko edo. Umore onez dagoenean maitia deitzeko joera du eta azukrealdia duenean kari deitzen dizu. Bere futbol taldeak irabazi badu, pitxurrin. Zuri bost. Zure nagusia ona da. Onartu beharra daukazu. Adibide bat: bere bulegoko mahaiaren aurreko alfonbra gainean pixa egiten baduzu, errieta egiten dizu hasieran, baina segituan pasatzen zaio, eta azken batean, trapuren bat hartu eta lau hankatan jarrita zintzo-zintzo lehortzen du zure isuriaren arrastoa. Eta ez dizu ordaintzen, baina bere gain hartzen du zure mantenua. Izango ez da ba ona zure nagusia! Ez dakizu zergatik daukan hain fama txarra bere lantegian...»
Egunotan etxeko balkoitik ez da umerik ikusten. Txakurrak bai. Nagusiekin. Asko.
Nire min emateko gaitasunaren jakitun, ez noa komentario gehiago egitera.
HITZ ETZANAK
Bakarrizketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu