andoni egana

Bikarioa

2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Txanda. Hitz polita da. Eta umeak laster ikasten du, dela etxean, dela lagunartean, dela eskolan. Denak batera ezin denean, txandan itxaron beharra ikasgai ona da bizitzarako.

Bikarioa. Ez da hitz itsusia, herrian edo gertuan abade petralen bat egokitzen ez bazaizu behintzat. Hitzaren erroetara jota, txandarekin du zerikusia bikarioak, gezurra badirudi ere. Bikarioa da besteren lekua eta eskumenak hartzen dituena. Txandan hurrenkera segituz, ordezkoa.

Eta bikariotik sortu da askok ikasi berri dugun indarkeria bikarioa hitza. Ikasi zaharrak ezin gara izan, esamoldea bera oso berria baita. Ez ditu hamabi urte baino. Nerabetuz doan haur baten adina hain justu. Sonia Vaccaro psikologoari zor diogu asmazioa. Gizonezkoak emakume bikotekideari erasotzeko modurik mingarriena bien edo haren umeei eraso egitea dela erabakitzen duenean gertatzen da indarkeria bikarioa. Amari min handiagoa sortzeko, ordezko soil dira haurrak. Indarkeria oro bada lazgarri, indarkeria mota honek hozkia eragiten du. Zazpi haur badira aurten, dagoeneko, horrela hilak Espainian. Albisteak dio Ertzaintzak arrisku berean dauden hainbat haur detektatu dituela. Babes ditzatela behar bezala eta lehentasunez. Gai bat da hau, txanda-pasarik onar ez dezakeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.