andoni egana
HITZ ETZANAK

Dilindan

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Izango zen plan hoberik. Anoetara joan Realekoak Kopako finalera sailkatzen ikustera; demokrazia eta askatasunaren defentsan, kataluniar epaituen aldeko manifestaziora azaldu aterki horiarekin; mendi buelta bat eman eguraldi bikaina baliatuz... Aurkituko duzu tarteka, ordea, harribitxi txikiren bat, igande oso baten oinarri.

Joandako igandean galdu ezineko gauzen artean bazen bat, harrapatu ez zuenak oraindik aisa eskuratuko duena: berripaper honetan Nora Arbelbidek Michel Portal konpositore eta musikari baionarrari egindako bi orri beteko elkarrizketa. Artistaren jarrera sarien aurrean; artistaren jarrera bere lanbideari dagokionez; inprobisazioa; aniztasuna; Che Guevararen abesti kuttuna... eta Aljeriako gerrari helduta, pasarte bat goi mailako errelato bihurtua: «...Gehienek bezala, ez nuen gerla egin nahi, baina behartu gintuzten. Egunero beldur ginen. Bitxia zen. Pianista baten adibidea emanen dizut. Kontserbatorioan ezagutu nuen. 24 urte zituen. Mendira, djebelera, joatea eskatu zigutelarik bere beldurra azaldu zidan: 'Ez ditzatela nire behatzak andea...'. Halako batean, eraso bat. Tiroak alde guztietatik. Lagun pianista lurrera erori zen...».

Micheli berari irakurri pasartea nola amaitzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.