andoni egana

Herra

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Akatsa ederra da. Akatsak, irudimenak adina bide zabaltzen du. Ez fio izan akatsik egiten ez duenaz. Are gutxiago egiten ez duela dioenaz, ez aitortze hutsaz egin baitu lehenbizikoa.

Badira akatsak ez diren akats antzekoak, pentsamendu distiratsutik sortuak: Euskal Erdia, hagintariak... Baina badira nahi gabe ari garela sortuak ere. Hatzkatsak izenda genitzake teklatuan jo nahi zen tekla jo ez, ondokoa jo, eta hortik sortzen diren horiek. Zuzentzailearen begi zolia ohartzen ez bada, han joango da hatzkatsa argitara. Eta batzuetan, zuzenak baino esanahi zabalagoa hartuko du. Irribarrea ostuko digu pentsaurreko bat eskainiko duela dioen prentsa-buruak, hauteskunde hauetan goranzko jausi bat emango dutela harro dioen politikariak edo Euskal uHerrian ez dela iruzur fiskalik dioen kontu-hartzaileak.

Euskal Herran bat aurkitu dut gaur goizean gosaritan. Hatzkatsa dudarik gabe. Testuinguruarengatik, asmorik gabe sortua. Baina irudimenari bideak zabaltzen dizkio ederki. Euskal Herra zer da, guk besteri dioguna ala besteek guri digutena? Elkarren artekoa ere izan daiteke Euskal Herra. Eskerrak ez zetorren bakegileei ezarri dizkieten espetxe zigorrei buruzko albistean. Bestela, are zentzu osoagoa har zezakeen hatzkatsak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.