Patxikitoren hexurrekin zer egin behar zuten kontatzen ari zirela iritsi zitzaigun albistea: Londres inguruan 39 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte kamioi baten edukiontzian. Hotzikara sentitzeko gai zara oraindik lehen unean, eta nazka gero. Odolak irakin egiten dizu inguruan horrelakoak gertatzen direla jakin eta irtenbiderik asmatzeko gauza ez garelako.
Nirea borborka sentitzen dudanean, Xalbadorren Odolaren mintzoa-ra jotzen dut tarteka. Mendian galdu direneri izenburuko sorta bat badu, 1973ko primaderan Ezpeletako mendietan goseak eta hotzak hildako hiru gazte beltzi buruzkoa. Norberak orain senti dezakeena ezin hobeto eta zehatzago azaleratzen du urepeldarrak. Bertsoon azalpen gisara honako hau kontatzen digu hitz-lauz: «Beren ustez hartu zuketen, etxetik ateratzean, gogo zuten lekuraino heltzeko dirurik aski; bainan norbaitek bildu zioketen dena mendian lotu baino lehen, eta han utziko zituzten...». Gobernuaren legeak kritikatzen ditu basa-ehiza galarazi eta pertsonak basapiztien modura hiltzen uzteagatik; beste arrazetakoei mugak itxi egiten dizkiegula salatzen du, nahiz lanerako nahi ditugun...
Bertsoak kantatu eta sosegatu egingo zara. Ez lehen ere gertatzen zirelako, min hartzen zutenak bazirela jabetzen zarelako baizik.
HITZ ETZANAK
Izoztuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu