andoni egana
HITZ ETZANAK

Kanarioak

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ez nuen oraintsu arte sekula entzun-irakurri eta azken hilabeteotan hiru-lau aldiz egin dut topo esamoldearekin, betiere gazteleraz. Pandemiaz ari zirela, gure aurreikuspen faltaz, COVID-19aren hedapenari aurrea ez hartu izanaz… meatzeetako kanarioak aipatu izan dituzte. Bazen hitz bikotea nire jakin-mina piztarazteko bezain bitxi….

Erromatarren garaietatik, meatzariak kaiolan kanario bat zutela jaisten omen ziren lurpera. Ingalaterran aski zabaldu zen ohitura XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran. Txoriaren biziak babesten zuen meatzariena. Hegaztien arnasketa-aparailua den bezalakoa delako, arnasaldi sarriagoak egiten dituztelako, kanarioa txori txikia delako… lurpean egon zitezkeen gas arriskutsuenek —usaimenak sumatzen ez dituen horiek— lehenago erasaten zieten kanarioei meatzariei baino. Kanarioa zanbuluka hasten bazen edo jada hilda topatzen bazuten, bazekiten meatzariek handik hanka bizkor egin behar zutela.

Ulertzekoa meatzarien ikuspegitik, ankerra kaiolatuarentzat, gehien harritu nauen datua da Estatu Batuetako meatzeetan 1986ra arte ez zutela praktika hori galarazi. Eta hurrena etorri zaidan burutazioa da Donald Trump bera meatzeetako kanario bat ez ote den mundua nora doan abisatzen ari zaiguna…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.