andoni egana

Kukutxeztula

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

«Zer egiten du hemen horrek?», galdetu zion itunak. Eskakizunak ez zekiela erantzun zion, ez zuela ulertzen berak ere. Migrazioak sorbaldak harrotu zituen, ezaxola plantak eginez. Baina ez zen kontu hutsala. Eremu hura beraiena zen. Segituan antzematen zioten arrotzari, iritsi berriari. Eta hitz oro den gisan eskuzabalak izan arren, ez zeuden prest edozein onartzeko.

Hitzek ere badituzte euren eremu eta lurraldeak, nahiz denborarekin bateko edo besteko bihur daitezkeen. Esaterako, hizkuntza idatzizko eta jasoan edonon azal daiteke, gaur egun, gatazka hitza. Ez duzue, ordea, gurasorik ezagutuko, ahoz, xextran dabiltzan umeei «zuen arteko gatazka honek bukatu egin behar du» esango dienik. Hala gertatuko balitz, haurrek barrez erantzungo lukete, umore iturri ere bada-eta beti eremu batean erabiltzen den hitza beste batean erabiltzea.

Niri grazia egin dit atzoko BERRIAren lehen orrian kukutxeztula hitza sumatzeak. Umearoari, etxeko sukaldeari, birramonari... itsatsia neukan hitza non azalduko eta gure egunkari nazionaleko lehen orrian! Nik baino okerrago hartu dute, antza, beti arlo horretan ibiltzen diren hitzek. Baina ohitu egin beharko dute. Kukutxeztulak berriz ere indar hartu badu, espero ez genuen lekuetan ere azalduko da...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.