andoni egana

Negarrik ez

2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Hala kontatzen da gure inguruetan. Duela mende erdi pasa, etxe atarian jolasean dabilela eman dio adarkada bat idiskoak mutil-koskorrari izter parean. Oihuak eta negarrak. Hartu du aitak besoetan, eraman du sukaldera, jarri du mahaiaren gainean eta hasi zaio ahal duen modura, zarratada josten orratza eta listaria hartuta. Umeak, jakina, negar. Eman dio beste puntada bat. Txilio handiagoak haurrak. Eta halako batean, aitaren mehatxua: «Hago geldirik eta isilik, motel! Bestela medikutara eramango haut!».

Osasun Zentrora sarri-sarri joaten den edadetu batek kontatu berri dit: «Badakik anbulatorioan gehien zerk harritzen nauen? Oraingo umeek ez ditek negarrik egiten medikuarenean. Gaur ere lau-bost egokitu zaizkidak jiran zain geundela, eta txintik ere ez umeek». Mende erdian medikuarekiko pertzepzioa oso aldatu dela pentsatu nuen, pediatriak aurrera egin duela, despisterako sistema hobeak erabiltzen dituztela, gurasoek hobeto prestatzen dituztela haurrak... Edo edadetua konturatu ez arren, sakelako bana zeukatela umeek eskuetan.

Penagarria da haurrek negar egiteari utzi diotenean helduek gero eta arrazoi gehiago izatea. Medikuek, erizainek, garbitzaileek... gero eta lan zama handiagoa dutelako. Lehen arreta ez delako behar bezalakoa, helduok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.