andoni egana
HITZ ETZANAK

Potolo

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ez noa balorazio politikorik egitera. Ez naiz gai. Hizkuntzak, ordea, batzuetan talan egiten dit eta askotan min eman. Alfonso Alonsoren dimisioaren eta Carlos Iturgaizen itzuleraren inguruan esan eta idatzi direnak adibide egokia izan daitezke hitzei diegun begirune eskasaz bi berba idazteko.

Bere alderdikideek Alfonso Alonsoz esan dute «buruzagi historikoa» izan dela. Nik ez bezalako Historiaren ikuspegia dute nonbait. Dolores Ibarruri, Xabier Arzalluz, Jon Idigoras, Manuel Fraga Iribarne... izan daitezke historiko baina Alfonso Alonso oraindik behintzat, ez. Gauzak potolo esaten direnean entzulearen konfiantza mehartzea baino ez da lortzen. Carlos Iturgaizi buruz, berriz, esan dute historial handiko pertsona dela —Historia berriz ere tartean!— eta ohitua dagoela Euskadin toreatzen. Asma zezaketen metafora egokiago bat toreroek arbuioa baino sortzen ez duten garaiotan!

Norbaitek erantsi du Iturgaizek «eskuzabaltasun» handia erakutsi duela politikagintzaren lehen lerrora itzuliz. Beste behin ere, hitzak krakatekoa sortu dit. «Eskuzabala» da, niretzat, musu truk herriko abesbatza antolatu eta zuzentzen ari dena, Lesbosen boluntario dabilena, elikagaien bilketan laguntzen duena... «Eskuburduntzalitasuna» da bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.