andoni egana

Sinadura

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

«Militar nazkagarri horiek ez daukate arrastorik ere», bota zuen goibel kuadrillakoengana itzuli zenean. Bere berrien zain geunden eta tristatu egin ginen gu ere. Gure lagunak hogeita bat urte zituen, eta aspaldian ikasketak utzia zegoen. Baina gogoz ahalegindu zen bi hiru-hilabetez ikasi eta ikasi. Hiru liburukote mardul eta bi meharragoak. Azterketa: Burgosen, mediku epaileen aurrean. Helburua: soldaduskara ez joatea.

Depresioa aipatu zuen Loiolako kuartelean. Eta depresioari buruzko liburuak irakurri eta sintomak ikasten aritu zen buru-belarri Burgos aldera jo aurretik. Atzo Maddi Ane Txoperenaren erreportajean ageri ziren Mussoliniren bi sinadurak ikustean etorri zait gogora aspaldiko pasadizoa. Agintea zeukaneko garai oparoetan sinadura arranditsua eta zabala du: kartzelan zegoeneko sinadura estua eta ñimiñoa da. Eta, batik bat, sinadura batek gorantz egiten du nabarmen, eta beherantz besteak.

Gure lagunak —teoriarako baino praktikarako emanagoa berez— hori behintzat ikasi zuen. Sinadura beherantz egin behar zuen depresioak jota zegoela sinetsarazi nahi bazien. Ehunka aldiz egin zuen aproba. Goitik beherantz beti. Alferrik. Militarrek ez zuten arrastorik ere. Eta berak, hamahiru hilabetez, goitik beherantz sinatzen segitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.