andoni egana

Ume

2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Ezkorra zelako. Egiaren bila aritzea ez zuela merezi erabaki zuelako. Segur aski horrexegatik idatzi zuen Arthur Schopenhauerrek edozein eztabaidatan arrazoia izateko 38 modu biltzen dituen liburu hura. Egiak egia, arrazoiaren jabe izatea oso da baliagarri politikan, lagunartean, lantegian, ohatzean...

Bertsolarion lana teman aritzean oinarritzen da gehienetan, eta arreta handiz irakurri nituen 38 modu horiek. Lohia non-nahi aurkitu nuen. Esaterako, 38 modu horietako bat da ad hominem aritzea. Hots, bestela arrazoirik atera ezin duzunean, arerioaren ezaugarri pertsonalei heltzea. Denik-eta modurik narrasenetakoa: «Aho-zabal batenak dira zure hitzak. Ez naiz harritzen bilbotarra izanda…»; «Zuen aita-zena zapataria zela antzematen da. Zure ideiak ere lurraren pare daude»; «Zertarako dituzu betaurreko handi horiek, begiratzen ez badakizu?». Beste modu bat, txukunetik gutxi duena hau ere, arerioaren ahotan esan ez duena ipintzea datza. Zer esan duen eta zer ez zehazten hasi beharko du, eta denbora eta haria, biak, galduko ditu.

Schopenhauerrek liburu hura idatzi zuela ia berrehun urte dira. Politikariek, epaileek, hedabideek, sare sozialek... hartu duten bidea ikusiz, egungo begietatik, titiko haurra dirudi filosofoak. Inozente hutsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.