HITZ ETZANAK

Une-tokiak

andoni egana
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hondarribiko portuko soziedade batean geunden. Bigarren solairuko balkoira irteten ginen erretzaileok tarteka. Eta harritu egin nintzen. Bazkalondoko ordu mortu horietan ere jendea zebilen kaleetan, binaka, hirunaka edo lau-bosteko taldeetan. Pausajean nabaritzen zitzaien ez zihoazela batetik bestera. Zokomiran zebiltzan.

Eta egia da politak bezain bereziak direla inguru hartako arrantzale-etxe txiki haiek. Leiho-ateen koloreek areagotu egiten dute berezitasuna. Atentzioa eman zidana izan zen pasatzen zen talde bakoitzeko norbaitek argazkia ateratzen zuela gure balkoira begira. Ez zen gugatik, jakina, plazako gainerako etxetxoei ere argazkia ateratzen baitzieten. Eta gero, oinak arrastaka, nagi, hurrengo kalera, hurrengo plazara abiatzen ziren.

Turista izatea lan nekosoa dela erabaki nuen. Batik bat, une eta leku oro preso harrapatzeko barne-agindua sentitzen baduzu. «Oso ongi» ibili zaretela kontatu beharko duzu itzuleran, eta zenbat eta atxiloaldi gehiago eraman, orduan eta sinesgarriagoa izango da errelatoa. Arratsaldeko lauretako bero zapa, otorduak garesti zeudelako ogitarteko lehor bat jan izana edo txankleten tirak behatz artean egindako urratua ez dira argazkigai. Turista: ikustera doan huraxe baino ikusten ez dakiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.