Biloba aparte samar geratu da aitonari txertaketa lekuralagundu ostean. Aspaldiko lagunak topatu ditu aitonak hango ilaran, adinkideak, eta badaukate elkarri zer kontatua.
Urrutira eta nekez entzuten ditu zaharren arteko berriketaldiak. Egungo kontuez ari dira, nor bere mediku-agendari buruz. Sei hilabete aldaka ebakuntza egin ziotela bati; hurrengo astean du kontsulta okulistarenean besteak; hirugarrenak... Halako batean, lagunek norbaiten falta sumatu dute. Joxe Mari ez da azaldu. Adinkidea dute hura ere, umetatik adiskide. Harritzekoa. Ordua baino lehen iritsi zalea izan da beti. «Akaso ez zioten deituko oraindik», bota du batek. Eta orduan entzun du bilobak aitonaren sententzia: «Joxe Mariri deitu ez? Ez diat sinisten. Oso peneubekoa izan duk hura beti!». Aitonak esan beharrekoak eta gorde beharrekoak ongi bereizten ez dituela eta, handiagorik esaten utzi gabe, bilobak ilaratik eta lagunengandik apartatu du. «Aitona, zatoz hona nirekin, itzaletara. Martxoko eguzkia...».
Txertatu ondoren kafetegi bateko terrazan eseri dira. «Ez al dit eguzkiak kalterik egingo?», galdetu dio aitonak. «Ez. Burua oso ondo daukazu zuk, aitona», erantzun dio bilobak. Aurrean duten egunkarian dator albistea: «Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendari...».
HITZ ETZANAK
Ziztada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu