jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Aitzakiak, bertuteak eta irudimena

2017ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erromesaldia da. Negozioa. Dirua. Parentesia. Oasia. Haluzinazioa basamortuaren erdian. Holograma. Gaindosia. Erakusleihoa. Egun gutxiko klimaxa urte luze-luzearen barruan. Epela urte osoko neguaren erdian. Ikuskizuna. Aitzakia urte osoan euskal kulturarik kontsumitzen ez dutenentzat. Aitzakia urte guztian euskal kultura existituko ez balitz bezala jokatzen duten komunikabideentzat, euskaldunak eta haien gauzak existitzen direla aipatzeko. Aukera, apalak irakurriko edo entzungo ez diren liburuekin eta diskoekin hornituko dituztenentzat.Gogoan gorde ezin daitezkeen eta barneratu ezin diren berrikuntzen erakusleiho erraldoia. Zarata. Presak. Patxadarik eza. Jende zurrunbiloak eta korronteak. Masa. Errutina. Sormena, lan moldeak eta produkzioa behartzen dituen ekitaldia. Zerrendak. Homologazioa. Itxurakeria.

Durangoko Azokari aitzakiak jartzen hasita, nahi duenak horiek eta gehiago jar diezazkioke. Bertuteak eta ekarpenak zerrendatzen hasita, ordea, horiek baino gehiago eta sendoagoak dira, norbaitek zalantzaren bat baldin badu. Durangokoa azoka baita, zentzu guztietan. Azokak. Molde zaharrekoa eta molde berrikoa. Nahi duenak imajina dezala Durangoko Azokarik gabeko euskal kultura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.