Euskal Herriko politikan pertsona nabarmena izan da Jean Grenet azken hamarkadotan. Baionako auzapez hemeretzi urtez, 1995etik 2014ra arte, eta hamar urtez diputatu Frantziako Legebiltzarrean. Iparraldeko notable nagusietako bat, eta notabilismoaren esentzia ongi gorpuzten zuen sendi bateko kide, haren aita Henrirengandik hartu baitzuen herriko etxeko ardura, 1995ean. Aita-semeek 55 urtez jarraian agindu zuten Baionan.
Futbolzale porrokatuentzat ezagunagoa izanen da akaso Henriren biloba eta Jeanen seme François, Bordeleko Girondinseko jokalaria bederatzi urtez, eta nazioarteko futbolean partida bat jokatutakoa: Euskal Herriarekin, 1998an, Uruguairen aurka —eta ez, frantsesezko Wikipediak dioen bezala, 1993an Boliviaren aurka; hura bertze lapurtar bat izan zen, Greneten taldekide Bixente Lizarazu—.
Euskal Herriko hiriburu nagusi gehienetan urte luzez agindu zuten alkate boteretsuen aroa izan zen Grenetena: Odon Elorza Donostian (1991-2011), Iñaki Azkuna Bilbon (1999-2014), Yolanda Barcina Iruñean (1999-2011). Alkate mediatikoak, eroso sentitzen zirenak udal botereak erraztu ohi duen protagonismo pertsonalarekin. Notableak, mugaren bi aldeetan.

HIZPIDEAK
Alkate boteretsuen aroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu