Euskal gatazkarekin lotutako auzientzako amnistia lege bat ontzea; ETAren eta Frantziako Gobernuaren arteko akordioa erdiestea erakunde armatuaren azpiegituren desegitea eta desarmatzea bideratzeko; gatazkaren ondorioak aztertzeko eta bizikidetza sustatzeko batzorde bat sortzea; eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako estatus berezitua adostea. Horixe, Ipar Euskal Herriko espektro politiko ia osoak —PS, UMP, zentristak eta abertzaleak daude bertan— izenpetu duten proposamenaren handi-aurkiak. Duela hiru urte —zenbaitengan eszeptizismoa eraginez— egin zen Aieteko Bake Konferentziaren haritik heldu da fruitua.
Beste dimentsio bateko politikagintza utzi dute agerian Baionako sinatzaileek, elkar hartzeko moduko atmosfera bat. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Lantaldea itzalitako izarra denean eta, salbuespenak salbuespen, amnistia hitza tabu bihurtua denean ia Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako politikarien hizkeran.
«Frantzia ez da beti Espainiaren atzetik ibiliko», zioen herenegun Donostiako agerraldian Raymond Kendall bitartekariak, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroaren adierazpen batzuk gogora ekarriz.
Batzuen koordenatuetatik besteenetara argi urteak daude. Argi uneak bilatzeko borondatean datza gakoa. Beti bezala.

HIZPIDEAK
Argi urteak eta argi uneak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu