mikel p ansa
HIZPIDEAK

Azaroaren 4an, Bilbon

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauza ederra da elebitasuna. Are ederragoa eleaniztasuna. Besteren hizkuntza ikastea bestea ulertzeko ahalegin bat da; enpatia ariketa bat; besteren larruan jarri eta besteren azala sentitzeko nahi bat; hurbiltzeko asmo bat; errespetu ekintza bat; maitasun adierazpen bat. Are gehiago, beste hizkuntza hori norbera bizi den lurraldean hitz egiten bada. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten diren lurraldeetan elebakar irauteak, ordea, zer adierazten du?

Gauza ederra da elebitasuna, eta are ederragoa eleaniztasuna. Baina eleaniztasun hori inposatua denean, hiztun batzuek derrigorrez beste hizkuntza bat ikasi behar dutenean eta epaileek edo agintariek edo jendeek edo hedabideek beti beste hizkuntza hori erabiltzera behartzen edo bultzatzen dutenean, elebitasunak xarma galtzen du, eta inposizio bilakatzen da. Garbi esan behar baita: hemen denei inposatzen zaizkien hizkuntza bakarrak gaztelania eta frantsesa dira. Orain, Frantziako eta Espainiako epaileak eleaniztasunaren eta elebitasunaren kontrako gurutzadan ari dira. Zein da azpi-azpiko mezua? Iraun elebakar —inperioaren hizkuntzan elebakar, noski—; ez ikas beste hizkuntza hori.

Hizkuntzen kontrako «oldarraldi judizial» hori geldiarazteko hitzordua azaroaren 4an da, Bilbon. Euskararen alde egitea baita bide bakarra hizkuntzen aniztasunaren alde egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.