Zerga sistema bidezkoago baten ikurra izan behar zuen. Zuzentasunaren eredu. Zerga iruzurgileen amesgaizto. Burua soildutako aberatsei ile berriak jartzetik, aberats horiei eta haien sokakoei zergak ordainaraztera pasatu behar zuen. Jerome Cahuzac, Frantziako Aurrekontu ministroa, François Hollande presidentearen izendapen izarretako bat, 2012an. Izar iheskorra. Ikur eta eredu izan behar zuena, iruzurgilea zen, ilea jartzen zien aberats askoren parekoa: dirua Suitzan eta hainbat zerga paradisutan gordeta eta ezkutatuta zeukan; gezurra esan zuen; bere zergari buruzko albisteak agertu zirenean gezurtatu egin zituen; dimisioa emanda ere errugabea zela esan zuen... Egia onartu zuen arte. Iruzurgilea zen. Atzo ezarri zioten zigorra, dirua zuritzeagatik eta zerga iruzurragatik: hiru urteko kartzela zigorra eta bost urtean kargu publikoak izateko debekua.
Euskal Herrian ez dira ahaztu behar Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusi ohiaren adierazpenak, Juan Ramon Ibarraren kasua Bizkaian eta Jose Maria Bravorena Gipuzkoan. Hortxe daude lagunentzako amnistia fiskalak, zerga iruzur handiak gehiegi ez ikertzeko gogoa... Adierazgarria da halakoak kontrol sistemetatik kanpoko iturrien bidez jakitea: komunikabideak, Herve Falciani, kazetari taldeak...
Azeriak oilategia zaintzen. Zaindu, lagunak eta lagunen arrautzak zaintzen.

HIZPIDEAK
Azeriak oiloen lagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu