Lan erreforma deitzen zitzaion, eta ez zen gutxi. Baina sindikatuek behin eta berriro gehitzen zioten abizena PPk bultzatutako eta onartutako erreformari: «...eta negoziazio kolektiboarena». Ez alferrik. Langileek negoziazio kolektiboaren babesa galdu dute. Hala erakusten du EAEko Lan Harremanen Kontseiluarenhileroko argazkiak. Azkena, azarokoa: alde batetik, ia ehun mila langile lan hitzarmenik gabe daude —bost langiletik bat—, lehen zeukatena iraungita; bestetik, 250.000k baino gehiagok lan hitzarmen luzatua daukate —bi langiletik batek—, berritzeko zain. Hitzarmenak berritzeko prozesua oso makala da, eta itun berriak salbuespena dira. Joko arauak aldatu dira, baita langile askoren egoera ere. Bertako aterki handiagoen babesik gabe, lan baldintzak Espainiako itunen mende geratu dira edota negoziazioak enpresetara bideratu dira. Eta, enpresetan ere, hitzarmen bat sinatzeak ez du bermatzen hitzarmena beteko denik. Ez negoziazio, ez kolektibo, beraz.
Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak hilaren hasieran egunkari honetan egindako elkarrizketan esan zuen: «Hitzarmen kolektiboak edukitzea nahiko genuke guk. Begira, enpresariak nahi duena da zer espero dezakeen jakitea, eta egonkortasuna edukitzea, kostuetan eta beste guztian». Kontua da langileen babesgabetasuna bihurtu dela enpresari askoren egonkortasuna, eta egoera horretan eroso daudela.

HIZPIDEAK
Babes faltaren zenbakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu