jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Barruan eta kanpoan

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ez du tramiterako onartu hezkuntza sistema kohesionatzeko herri ekinaldi legegilea. Parlamentu barruraino iritsi dira bultzatzaileak, baina EAJk, PSEk eta PPk iragarria zuten kontra bozkatuko zutela, eta Zubiak Eraiki plataformak bildu dituen 17.000 sinadurak hortxe geratu dira, hor utzi dituzte: barruan eta kanpoan. Herritar batek halako ekinaldi bat parlamentuan defendatu duen lehen aldia izan da, eta aitortu behar da horren garrantzia —baita agerian utzi duen orain arteko hutsunea ere—. Baina lehen aldiz ireki den ate hori ixteko moduak ere ematen du zer pentsatu. Txundigarria baita nola zapuztu daitekeen bozketa batean eta benetako eztabaida parlamentariorik gabe inklusioa eta halako balioak defendatzeko egindako lana. Parte hartzean sinesten bada, berme bat behar du prozedura horrek.

Ekinaldiaren aurka bozkatu dutenek argudiatu dute hezkuntza lege berrian helduko diola Jaurlaritzak segregazioaren gaiari. Mamiari heldu gabe atzeratu dute eztabaida, baina hor dago gaia: 17.000 lagunek erakutsi dute kezka bat dagoela, eta Ikastolen Elkarteak berak ere iragarria du proposamen bat horri aurre egiteko. Legebiltzarraren egitekoetatik kenduko dute, agenda politikoan atzeratuko dute, baina herritarren kezkak eta nahiak ezin dira bozketa batekin desagerrarazi. Parlamentuak horiek bideratzeko daude, ez atzeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.