Maiatzaren 18a zen, 2022a. Albert Botran CUPeko diputatuak hitza hartu zuen Espainiako Kongresuko osoko bilkura batean. Katalanez hitz egin zuen, eta 28. segundorako Meritxell Batet Kongresuko presidenteak gazteleraz egiteko eskatu zion; aipuren bat egin zezakeela, baina ez hitzaldi oso bat. Katalanez jarraitu zuen Botranek, argudiatuz hura zela bere hizkuntza. Hiru bider kargu hartu ostean, mikrofonoa itzali zioten.
1978an onartu zuten —ez Euskal Herrian— gazteleraz besteko hizkuntzak tokian-tokian ofizialak direla dioen Konstituzio sakrosantua, nahiz eta ofizialtasun horren bidean egiten den ia urrats oro jazarria izan den estatuko administraziotik. Bestalde, Espainiako Kongresuaren araudiak ez du berariaz inon aipatzen derrigorrezkoa denik gazteleraz egitea edo debekatua dagoenik beste hizkuntzetan aritzea. Baina, hala interpretatua izan da beti, eta debekua ezarri dute Kongresuko Mahaiko presidenteek.
Politikagintzan borondateak —edo beharrak— dena aldatu dezake, ordea. PSOEk iaz kontra bozkatuko zuela iragarri zuen, baina orain premiazko prozeduraz erregistratu dute euskaraz, katalanez eta galegoz jarduteko modua bermatuko duen araudi aldaketa. Feijooren inbestidura saiorako onartua izatea nahi dute, gainera. Hala, argi geratu da muga gaindiezintzat aurkeztu izan direnak gainditu daitezkeela borondatea —edo beharra— dagoenean.
HIZPIDEAK
Beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu