Datozen lau urteotan beste urrats bat egin nahi du EAJk autogobernuan. Horren baitan, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidearen onarpena eskatu ditu Iruñean egindako nazio batzarrean onartutako agiri politikoaren bidez. Alabaina, Batasuna eta Indarra agiriak beste osagai garrantzitsu bat dauka: «Euskadiren eta Espainiaren arteko alde biko harremana» jartzen du prozesuaren ardatzean. Alegia, Espainiak eta Euskal Herriak elkarrekin erabakiko dutela nola, noiz eta zer baldintzatan emango zaion herri honi bere etorkizun politikoaz erabakitzeko eskubidea. Hori demokratikoa eta zentzuduna izan liteke, baldin eta Espainiak nahiko balu aitortu Euskal Herriak baduela erabakitzeko eskubiderik.
Eta problema, hain zuzen, horixe da: Espainiak ez duela aitortu nahi ez herri honen, ez Kataluniaren burujabetza eta subjektu politiko gisa duten izaera. Eta bik nahi ez duten bitartean, oso zaila da aldarrikatzen den alde biko harremana bidezkoa eta eraginkorra izatea. Horren aurrean, Euskal Herriaren nazio eskubidea bermatzeko bestelako bide batzuk bilatu beharko dituzte horren alde direnek, baldin eta Espaininari beto eskubiderik eman nahi ez badiote.
Horretarako, garrantzitsua da burujabetzaren alde daudenen arteko elkarlana. Hori ere aitortu du EAJk. Denbora galdu gabe, gaur bertan has daitezke horretan. Katalunia da adibiderik onena.

HIZPIDEAK
Beto eskubidea eta elkarlana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu