jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Bizitza erreala, bizitza birtuala

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogoratzen Second Life mundu birtualaz? Beste ni bat, abatar bat, sortzeko aukera eskaintzen zuen, bizitza errealeko miseriak, hutsuneak eta gabeziak estali eta bizitza birtualean beste norbait proiektatzeko. Jolas bat. Baina bizitza birtualak jolas hutsa izateari utzi dio, eta bizitza errealaren parte bihurtu da, algoritmoen mendeko bizitza birtuala bizitza erreala ere bada. Gero eta garrantzitsuagoa da jende askorentzat, bai denboran, bai eraginean, bai norberaren izaera osatzeko eta moldatzeko orduan...

Eta kontua ez dagokio norberaren proiekzio birtualari bakarrik, baita bizimoduaren antolaketari ere. Ia dena da edo izan daiteke birtuala. Gizartearen funtzionamenduaren eta antolaketaren oinarrian dauden zerbitzu askok eta askok dute antolaketa birtuala. Eguneroko ekintzarik txikienak ere egin daitezke sarera, amaraunera, Internetera, konektatutako gailuen bidez. Sakelako telefonoa gorputzaren eta buruaren luzakin berria bihurtu da jende gehienarentzat.

Sarea erortzen denean, sareari eta sareari lotutakoei erasotzen dietenean, beraz, oinarri birtualeko eta ondorio errealeko bizimodua geratu edo trabatu egiten da. Nolakoa zen bizimodua halako mendekotasuna izan aurretik eta halakoak gertatu aurretik? Gero eta urrunago daude orduko oroitzapenak.

Iragan astean ezaguna izan zen Wanna Cry birusaren eraso globala. Ziberdelituak gero eta ohikoagoak dira. Zibergerrak ere badaude.

Kontua da, kanpoko erasoek ez ezik, kasu askotan norbera dela jaso, gorde eta ikusi nahi dutenei berari buruzko informazio guztia ematen diena, bere etxeko eta bere bizitzako ateak zabaltzen dizkiena, nahita edo nahi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.